argia.eus
INPRIMATU
Osasun arreta euskaraz bermatzeko zortzi eskaera egin dituzte EHEk eta Aintzatek
  • Osasungintzako 501 langilek bat egin dute zortzi eskaera zehatz dituen manifestuarekin. Helburua, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatzea, “edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan”.

ARGIA @argia 2025eko ekainaren 04a
EHE

Euskal Herrian Euskarazek eta osasungintza euskalduntzeko Aintzat mugimenduak aurkeztu dute manifestua. Ebidentzia zientifikoak argi uzten du komunikazioa gakoa dela kalitatezko osasun arreta jasotzeko, eta beraz, gaixoak hautatutako hizkuntzan izan behar duela harreman hori. Hala adierazi dute, eta abiapuntu horri tiraka, eskaera zehatzak egin dituzte, pazienteen nahiz osasungintzako langileen eskubideak bermatzea ere helburu.

Puntuz puntu:

* Arretaren kalitatea eta ekitatea ziurtatzeko, osasun arreta euskaraz ematea eta jasotzea paziente euskaldunen oinarrizko eskubidea da.

* Lehen mailako arreta euskaraz eskaini eta eman behar da leku guztietan.

* Euskarazko zirkuituak martxan jarri behar dira, UEMAko herrietatik eta lehen mailako arretatik abiatuta, ospitaletako arreta espezializaturaino.

* Ikasketa prozesu oro euskaraz bermatu eta lehenetsi behar da (Lanbide heziketan, unibertsitateetan, osasun arretaren formakuntza esparru guztietan eta osasun zentro zein ospitale orotan).

* Gaixoak ez luke eskaera berezirik egin behar, euskarazko arreta jaso ahal izateko.

* Historia klinikoa euskaraz lantzeko eta jasotzeko aukera bultzatu behar da.

* Ebaluazio prozesuetan (adibidez ESIen ebaluaketan) baloratu behar da arreta euskaraz emateko gaitasuna eta horri buruz jasotako formakuntza.

* Arreta euskaraz emateko baliabideak sortu eta garatu behar dira.

EAEko Osasun Ituna eztabaidatzen ari diren honetan, bertan parte hartzen ari diren eragileei exijitu diete eskakizunak bete ditzatela. “Ez da herri-itunik egongo, ezta elkarbizitzarik ere, euskarazko osasun arretarik ezean”.