argia.eus
INPRIMATU
Osasun arloko 200 langilek babesa adierazi diote Asuncion Klinika salatu duen medikuari
  • Asuncion Klinikaren aurkako salaketa jarria du Arroyo hematologoak, bertan 12 urte lanean aritu ondoren. Fiskaltzak ikerketa martxan jarria du homologatu gabeko mediku espezialisten kasua ikertzeko. Tolosaldeko Atariak landu du gaia.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2020ko martxoaren 11
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Osasun arloko 200 langilek babesa azaldu diote Arroyo doktoreari, sinadura bilketa bidez. Aldi berean, Tolosaldeko herritarrek bizi duten egoera salatu dute: "Sinatzaileok gure babesa azaldu nahi diogu gure kide den Arroyo doktoreari. Aldi berean, Tolosaldeko herritarrak bizitzen ari diren egoera salatu nahi dugu, tratu desberdina jasotzen ari baitira, Gipuzkoako eta Autonomia Erkidegoko beste herritarrekin alderatuta".

Sinatzaileek "irregulartasunak" aipatu dituzte Asuncion Klinikan, espezialitate titulurik ez duten medikuak lan horretan ari direla azalduz. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako (EAJ-PSE-EE) Osasun Sailari "egoera larri" hori berehalakoan konpontzea eskatzen diote: "Osasun sailari exijitzen diogu egoera berehala konpontzea. Badakigu aspalditik gaiaren jakitun dela, salaketen eta fiskalaren ikerketaren aurretik. Egoera larri honek Tolosaldeko herritarrak arriskuan jartzen ditu".

Fiskala ikertzen ari den gaiak, mediku espezialistenak, Inviza SA (Asuncion Klinika) eta Osakidetzaren arteko hitzarmenean ere badu aipamena (3.3.1 eta 3.3.4 artikuluetan). Horregatik, hitzarmenean jartzen duena betetzeko eskatzen diote sinatzaileek Osasun Sailari: "Hitzarmenean argi jartzen du espezializazio zerbitzua titulua homologatua duten mediku espezialistek eman behar dutela Tolosaldean. Hori betetzen den edo ez ikustea Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren eta Osakidetzaren lurralde ordezkaritzaren esku dago. Hitzarmena betetzen ez baldin bada, Osakidetzak akordioa bertan behera uzteko eskumena dauka".

Amaitzeko, ondorengoa gaineratzen dute sinatzaileek: "Ez dugu zehaztu gabe utzi nahi gaiaren arduradunak jakinaren gainean jarriak direla, eta ez dutela ezertxo ere egin egoera konpontzeko".

Homologatu gabeko tituludun medikuen afera

Honela azaldua du Tolosaldeko Atariak Asuncion Klinikan fiskaltzak zabalik duen ikerketa:

Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi du Asuncion klinikan lanean ari diren medikuen egoera aztertzeko. Izan ere, atzerriko medikuak ari dira lanean bertan, baina ez dute Espainian homologatutako titulurik.

Komunikabide batek argitaratu duenez, EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek, 2019an Asuncion klinikako medikuen inguruko salaketak jaso zituen, eta hori dela eta gaia Gipuzkoako Fiskaltzara bideratu du. Fiskaltza intrusismo ustezko delitu bat ari da ikertzen, Asuncion klinikan Espainian homologatuta ez dauden tituluak dituzten medikuak ari direlako lanean. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak ere salatu izan du egoera hori.

Fiskaltzak pasa den abenduan ireki zuen auzibidea, eta jada lekuko batzuk pasa dira  Donostiako Epaitegitik.

Komunikabideak argitaratu du, Osakidetzak ez duela gairi buruz hitz egin nahi izan, eta ez duela ikerketaren berri.