Osakidetzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxa dira, Jaurlaritzaren proposamenarekin ados ez, besteak beste haien ustez "iraingarria" delako EAEko Gobernuak 60 lanpostu sortzea.
"Osakidetzan behin-behineko 8.000 langile daudela kontuan izanda, 60 lanpostuko lan eskaintza publikoa (LEP) proposatzea iraingarria da", diote ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE, ESK eta Medikuen Sindikatuak.
Osakidetzaren hitzetan, aldiz, eskaintza horrek enplegu publikoari eusteko borondatea erakusten du.
Ostegunetik aurrera mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek, itxialdiak barne, eta urrian manifestazioa (4an) eta lanuzteak (30etik aurrera) egingo dituzte.
"Osakidetzari kalitatezko enplegua eta zerbitzua izateko proposamen zehatzak egitea eskatzen diogu. Proposamenak zehazten ez diren bitartean ez gara mahaira itzuliko", adierazi dute sindikatuek, ELAk bere webgunean jaso duenez. "Zuzendaritzak murrizketen eta mobilizazioen arduraduntzat jo nahi gaitu, beraien esku dago gatazka gogor bat saihestea, gure aldetik mobilizazioekin jarraitzeko deialdiak egingo ditugu".
"Osakidetzako Zuzendaritzak kea baino ez du saltzen eta ez dago benetako negoziazio kolektiboa burutzeko prest", nabarmendu du bestalde LAB sindikatuak.