Jaurlaritzak Osakidetza desegin eta prekarizatu nahi duela salatzeko, ekainaren 26an manifestaziorako deia egin dute LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Jesusen Bihotzatik aterako da, 12:00etan. Ekainaren 22an, aldiz, bilkurak eta itxialdiak egingo dituzte udan ordutegi murriztua duten osasun-zentroetan.
Agiri bateratuan zabaldu dutenez, "aste honetan Osasun Sailburuak egindako adierazpenak oso larriak izan dira. Berriak ez izanagatik, agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren Lehen Arreta desegiteko eta gainerako arreta mailak prekarizatzeko borondatea. Eta, beraz, pribatizazioari bide emateko asmoa". Osasun Publikoaren murrizketa sistematikoaren aurka, herritarrak kalera ateratzera deitu dituzte.
Sindikatuen esanetan aspaldi ari dira esaten langile gehiago behar dela, "langile falta urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa da". Diotenez, lan baldintza eskasengatik askok alde egin dute, hala nola, "kontziliazio zailtasunengatik, egonkortasun ezagatik, behin-behinekotasunagatik eta lan kargengatik". Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak murrizketei buruz esandakoak arduragabekeria direla deritzote eta haren dimisioa eskatu dute.
Jaurlaritzak egoera horiei ez diete erantzun nahi izan sindikatuen esanetan: "Mediku erresiendenteen kasuan, Jaurlaritzak adierazi du Madrileko gobernuaren eskumena dela mediku berrien kopuruak zehaztea, baina ez du ezer ere egin kopuru horiek handitzeko edo arazoa behintzat mahaigaineratzeko. Gainera, profesional gazteak kriminalizatu nahi ditu, beraien konpromisorik eza adieraziz. Eta hori guztia hartu nahi dituzten neurri larriak justifikatzeko, hala nola osasun zentroak ixtea edo irekita bai, baina medikurik gabe. Prekarizazio hori kategoria guztietan gertatzen da, baita profesionalen eskasia ez dagoen horietan. Kasu horretan, Osakidetzak kontraturik ez egiteko apustua egiten du".
Egoera hori aurrekontuetan eta nabari direla azpimarratu dute eta haien ustez, "osasun inbertsio publikoan Europako bataz bestekora iristeko 1.674 milioi euro gehiago inbertitu beharko genituzke EAEn. Grezia, Estonia edo Portugal bezalako herrialdeen atzetik gaude".
Sindikatuen ustez, profesionalen falta "aitzakia ezin hobea bihurtu dela Lehen Arreta desegiteko, ez baitago hori ez den beste plan alternatiborik proposatzen. Alternatiba bakarra osasun zentroak ixtea edo bertako pertsonala gutxitzea da, gaixo kopurua eta lan karga berdin-berdina izango bada ere". Eta horren ondorioz, "bai lan baldintzak, bai zerbitzua prekarizatuko direla, pazienteak sistematikoki mugitu beharko direlako, bereziki ahulenak, eta arreta zerbitzua murriztuko delako".
Funtsezko zerbitzu publiko baten aurkako eraso honen aurrean, dei egiten diegu langileei, gizarte-mugimenduei eta biztanleriari, oro har, Osasun Publikoaren murrizketa sistematikoaren aurka mobilizatzeko.