argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako mahai sektoriala adostasunetik urrun
  • Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak deituta, 2016ko lehen mahai sektoriala bildu da otsailaren 17an. Lehen bilerak ordea, ez du fruitu askorik eman; LAB sindikatuak “hauteskunde usaina” hartu dio zuzendaritzaren proposamenari, eta ELAk salatu du Osakidetzak “negoziatzeko borondatea azaldu duela, baina konpromiso errealik gabe”. Aspalditik datorren gatazka konpontzeko aurrerapausorik ez, beraz.  

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 18a
Osakidetzako sindikatuek deitutako mobilizazioa Gurutzetako ospitalearen aurrean, 2015eko apirilaren 23an (Arg.: Unai Brea).

Osakidetzak hamalau puntu jarri ditu mahai gainean; horien artean, soldatak %1 igotzea, urteko lanaldia 1.592 ordukoa izatea, eta norberaren kontuetarako sei baimen-egunak eta antzinatasunagatiko egun libreak berreskuratzeko aukera. LAB sindikatuak salatu duenez ordea, “puntu horiek Mahai Orokorrean onartuta zeuden, beraz, ez dira Osakidetzak emandakoak”.

Osakidetzak, bere aldetik, jakinarazi du aldi baterako kontratazioaren, langileak gehitzeko espedienteen eta 2016ko lan-eskaintza publikoaren inguruan negoziatzeko aukera aurkeztu duela. Sindikatuentzat, ordea, ez da nahikoa izan: LABen ustez, proposamenak “hauteskunde usaina” du, eta “ez dio erantzuten azken urteotako enplegu suntsiketari, langileen prekarizazioari edota lan zamei”.

ELA sindikatua ere iritzi berekoa da, eta exijitu du “azken urteetan galdutako 3.000 lanpostuen berreskurapena eta behin-behinekotasun tasaren jaitsiera erradikala”. Osakidetzak, ordea, adierazi du “ordezkapenak orain arte bezala egingo dituztela”, eta hurrengo EPEan jubilatuko diren langileen lanpostuak “bakarrik” eskainiko dituztela. “Horrek 2016an 900 lanpostuko deialdia egitea dakar, eta probak ez dira 2017 baino lehen izango”, salatu du ELAk.

Hori horrela, ELAk eskatu du 5.000 lanpostuko EPE bat, eta Osakidetzako langile kopuru erreala ezagutzea, “sindikatuok langileen benetako beharrak ezagutzeko”. Era berean, LABek eskatu du langileentzako lan-baldintzen akordio oso eta berri bat.

Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak, Jose Maria Armentiak, negoziatzeko prestutasuna azaldu du: “Oraingo lehen mahai hau negoziazio-egutegi baten hasiera da. Espero dugu sindikatuek ere ager dezatela negoziatzeko borondate benetakoa eta arduratsua, akordioei bide emateko”.

ELAk salatu du ordea, negoziatzeko borondate faltaren adibide “argia” dela Urdulizko Ospitalea publikoa izateko langileekin zituzten asanbladak “debekatu” izana, eta adierazi dute sindikatuek mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela. Donostiako Ospitalean dute lehen hitzordua, martxoaren 2an.