Osasun publikoak jasaten dituen “gabeziak” agerian uzteko greba deitu dute sektoreko sindikatuek EAEn, urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroren 12an Bizkaian. Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez du neurririk mahairatu gabezia horiek arintzeko, “propaganda diskurtsoez harago”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasungintza publikoko sindikatuek grebara deitu dituzte sektoreko langileak hiru egunetan. ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek plazaratutako agiriaren arabera, “egiturazko eta sakoneko arazoak” dituzte, “baina Osakidetzak azken urteotan ez du horiek konpontzeko inolako borondaterik izan”; adibidetzat jarri dute Lehen Arretako egoera.
Gogorarazi dute arazo horiek “urrutitik” datozela eta iaz ere beste hiru egunez greba egin beharrean aurkitu zirela beren aldarrikapenei oihartzuna emateko. Urtebete igaro da baina “hitz onak alde batera utzita” ez dute arazo horiek konpontzeko neurririk hartu denik antzeman, euren esanetan.
“EAEko osasun publikoko inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dago, eta azken urteetan, gainera, gutxitu egin da –azaldu dute sindikatuek–. Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan du gure osasun publikoak bizi duen egoera larrian”. Inbertsio falta hori batez ere Lehen Arretan ari da nabaritzen gehien, diotenez.
Hainbat eskari zehatz egin dituzte ataka horretatik ateratzeko: EBren batez bestekoaren pare izango litzatekeen aurrekontu partida bat onartu eta horren %25 Lehen Arretara bideratzea; lantaldea handitzea eta egonkortzea; soldatetan azken urteetan galdutako erosketa ahalmena berreskuratzea; pribatizazioekin atzera egitea; eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea, “bai koronabirusarekin, baita eguneroko lanean ere”.
Hori guztia eskatzeko ekingo diete greba egunei “Eusko Jaurlaritzak mobilizazioren bidea baino ez digulako utzi”.