argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako Giza Baliabideen Saileko arduradun baten emaztea Larrialdi Zerbitzuetako zuzendari izendatu zuten
  • Monica Elena Zarate, Osakidetzan postu ziurrik gabe eta sektorean esperientziarik izan ez arren, ibilbide luzeko beste hainbat hautagaien aurretik aukeratu dute, eldiario.es-en jaso dutenez.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 13a
Jon Darpon Osasun sailburua.

Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuetako zuzendari berri izendatu zuten Monica Elena Zarate abuztuaren 2an, izen eman zuen lanposturako aurretik esperientziarik izan gabe. Izendapena publikatu baino egun batzuk lehenago egin zen lehiaketan, curriculum luzeko eta oraindik Larrialdi Zerbitzuetan erantzukizunak dituzten beste sei profesionalen hautagaitzei gailendu zitzaien Zarate. Orain, eldiario.es-ek publikatu duenez, emakumeak zuzeneko harremana du izendapena adostu zuten Osakidetzako Giza Baliabideen Saileko arduradunetako batekin.

Larrialdetako Zerbitzuetako zuzendaritza posturako egin zen deialdiko betebeharretan “unibertsitateko titulua” eta “administrazio eta zuzendaritzan esperientzia” izatea aipatzen zen, prestakuntza-mota eta esperientziaren esparrua zehaztu gabe. Lanpostuaren eskaintza, langile “finkoei” eta “beste” profesional batzuei zuzendu zitzaien.

Larrialdi Zerbitzuetan izan diren polemikek funtzionario batzuen artean haserrea sortu dute eta urriaren amaieran Txema Unanue sektoreko arduradun nagusiaren dimisioa eragin dute, besteak beste. Unanue oso kritikoa izan da zerbitzuaren berrantolaketarekin.

 

Osakidetzako oposizioak hobetzeko proposamenak

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mugica zuzendari nagusiak, Osakidetzako oposizioen “erreforma sakona” agindu eta horretarako neurriak aurkeztu dituzte Legebiltzarrean. Neurririk aipagarriena, esklusiboki oposizioen kudeaketaz arduratuko den hautaketa unitate "espezializatu" eta "etengabeko" bat Giza Baliabideen Sail barnean sortzea izango da. Horretarako, Administrazio Publikoen Euskal Institutuaren eta kanpoko "adituen" laguntzaz baliatuko dira eta datorren hamar urteetan 15.000 pertsona kontratatzea espero dute Jaurlaritzatik.

Guztira aurkeztu diren 68 neurrien artean, azterketa dataren aurretik “konfidentzialtasuna” eta “segurtasuna” bermatzea helburu duten neurriak edo komite ebaluatzailea “zoriz” hautatzea zehazten diren proposamenak ere planteatu dituzte.