Osakidetzako oposizioen auziaren harira, Angel Loma-Osorio, Arabako Unibertsitate Ospitaleko kardiologoa izan da lehena dimisioa aurkezten, irregulartasunak antzeman dituelako, Hala Bedik jakinarazi duenez.
Kardiologiako epaimahaian zegoen Loma-Osorio eta “justizia eta aukera berdintasuna arriskuan jartzen dituzten ezaugarriak atzeman ditut” adierazi du.
Oraindik badu gauzak aldatzeko esperantza: bere salaketa eta gero, erakundeak mugimenduak egingo dituenaren konfiantza adierazi du. “Arabako Unibertsitate Ospitalean, horrelako gauzarik ez gertatzeko lana egin izan da”.
Bitartean, Jon Darpon Osasun Sailburuak, irregulartasunak adierazten dituzten frogak egon ezkero aurkezteko eskatu du.
Osakidetzako oposizioen iruzurren auzia pasa den astean irten zen plazara, azterketen noten artean desberdintasun handiak antzeman zituztelako. Inpugnazioa egin zuen lehen sindikatua LAB izan zen.