Lezako ospitalean (Araba) udako ordezkapenak egiteko mediku erdaldunak ezartzen direla salatu dute beste behin. Osakidetzak mediku eta pediatra elebidunen falta argudiatu du; baina, osasun-langile euskaldunen eske urteak daramatzatenek, borondate eta planifikazio eza ikusten dute.
Osakidetzak Lezako ospitalean, euskararen ezagutza derrigorrezkoa den lanpostu batean, azken urteetan udan aritu den langile elebakar berdina kokatu duela salatu dute beste behin. LAB sindikatuak ospitaleko zuzendaritzari behin baino gehiagotan eskatu dizkio azalpenak, irregulartasuna eta euskararen normalizazioaren aurkako egoera dela salatuz.
Zuzendaritzakoek, ordea, jarrera aldatzeko asmorik ez dutela erantzun dute. Sindikatuak salatu du Osakidetzan ez dela euskara normalizatuko, "zuzendaritza eta gerentziek euskara mespretxatzen" jarraitzen badute.
Zumaian ere mediku euskaldun eske
Zumaian ere herritarren haserrea eragin du gai berberak, Osakidetzak hizkuntza eskakizunak betetzen ez zituzten mediku eta pediatrak jarri baitzituen. Herri presioen ondorioz, egoera zuzendu du Osakidetzak.
Hala ere, "oraindik egiteko asko" dagoelako eta udako ordezkapentarako euskeraz "ondo moldatzen ez" diren pediatra eta familia-medikua hartu dituztelako, asteartean, 18:30ean agerraldi publikoa egingo dute anbulatorio aurrean. “Mediku euskalduna nahi dut” lelopean egingo da agerraldia, ondorengo erakundeek deituta: Zumaiako Udala, UEMA, Herriko gurasoak, Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, Euskal Herrian Euskaraz, Behatokia eta LAB.