argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak lanera itzultzeko agindu die sintomak pasa dituzten osasun langileei, frogarik egin gabe
  • Euskadiko Medikuen Sindikatuak oharra igorri du lehen aldiz, salatuz Osakidetzaren jarrera: koronabirusarekin kutsaturik dauden edo ez jakiteko froga egin gabe lanera itzultzeko agintzen ari zaie osasun langileei, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren irizpide aldaketa bat baliatuta.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a
(arg: ELA sindikatua)

Eusko Jaurlaritzako Osasun saila "errusiar erruletara" jokatzen ari dela dio Euskadiko Medikuen Sindikatuak. Atea zabaldu du sintomak igaro eta zazpi egunetara osasun langileak berriz lanera itzultzeko aukera, nahiz eta Covid-19aren frogarik ez egin, positibo edo negatibo ematen duten jakiteko.

Joan den astean Espainiako Gobernuak irizpidea aldatu zuen osasun langileei dagokienez, krisiak eragindako pertsonal falta gainditu nahian. Hala, sintoma arinak agertu baina astebetean sukarrik edo arnas arazo berezirik izan ez duten beharginei alta eman eta lanera itzultzea gomendatu die. Osakidetzak helduleku horri eutsi dio baita ere, EAEn koronabirusak kutsatuen %15 osasun langileak direla jakinik ere.

Medikuen sindikatuak azaldu du irizpide horri eusten jarraitzen bazaio auzitara joko duela.