argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak jadanik ez du koronabirus testik egiten kasu arinetan
  • Osakidetzak erabaki du Covid-19 testik ez egitea sintoma arinak dauzkaten gaixoei, aurretik Madrilgo Autonomia Elkartean eta beste zenbait lekutan agintariek erabakiaren ildotik. Informazioa garrantzitsua da bi aldetatik, bederen.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 17a

Batetik, koronabirusak kutsatutakoen estatistiketan aldaketa oso garrantzitsua dakarrelako: testeatu eta positibo emandakoak sartzen dira kutsatuen kopuruetan. Bestetik, justu egunotan oroitarazi duelako Munduko Osasun Erakundeak oso garrantzitsua dela sintomak erakusten dituzten guztien testeatzea. Nafarroan jada igandetik hartuta zeukaten erabaki bera, Espainiako Gobernuak ezarritako protokoloari jarraiki.

EITB-k gaur informatu duenez, Osakidetzak ohar bat igorri die osasun-arloko profesionalei, hemendik aurrera, COVID-19 gaitza atzemateko probak soilik arnas infekzio akutuko koadroa duten eta ospitaleratuta dauden edo ospitaleratzeko baldintzak betetzen dituzten pazienteei egin diezaieten. Halaber, oinarrizko osasun-zerbitzuren bat ematen duten langileei ere egingo zaie proba, baita infekzioa hain larria ez den kasuetan ere. Testuinguru horretan, sintoma arinak dituzten gainerako pertsonei koronabirus proba egiteari utziko diete hemendik aurrera.

Zehazki, koronabirusarekin kutsatutako pazienteen gorakadari aurre egiteko eta zerbitzua berrantolatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak adostu duten jarduera-protokolo berrian ezarritako berrantolaketa-neurrietako bat da hori.

Horrela, koronabirusaren agerraldiak sortutako salbuespen egoerari erantzun "eraginkorragoa" eman nahi dio Jaurlaritzak, eta "kalitatezko osasun arreta bermatu".

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) irizpideak, ordea, zorrotzagoak dira. Edozein kasu susmagarriren aurrean, testa egiteko eskatu dute, hori baita positibo guztiak baieztatu, isolatu eta kutsatze katea eteteko modu bakarra.

Ildo horretatik, koronabirusa duten pertsonen kontaktu sarea ondo aztertzeko eskatu die Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak nazioarteko agintariei. Zehazki, positibo eman duen edozeinekin kontaktua izan duten pertsona guztiak identifikatzeko eskatu du, sintomak agertu baino bi egun lehenago haiekin topo izan badute testa badaezpada egiteko.

Gainera, MOEko zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, koronabirusa gainditu duten gaixoek, sintomak desagertu ondoren ere jendea hainbat egunez kutsatzeko ahalmena dute. Horregatik, sendatu ondoren, isolamendua beste 15 egunez luzatzea gomendatu du MOEk.