argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik
  • Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza hauetan lan egiten jarraitzea". Osakidetzak ohar baten bidez gezurtatu egin du informazio hori, eta berretsi du "dena profesionalaren lan ordutegitik kanpo ibilgailu bat behar bezala erabiltzeko iradokizunera" mugatzen dela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 03a
Basurtoko (Bizkaia) ospitalearen irudi bat. Innobasque - Agencia Vasca de la Innovación (CC BY-NC-SA 2.0)

Faltan Botatzen Dugu plataformaren esanetan, Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati hil zorian zegoen lau urteko haur bat artatzeko ospitaleko baliabideak "lan ordutegitik kanpo eta abisatu gabe" erabiltzeagatik. Osakidetzako arduradunekin "haserre, etsita eta amorratuta" dagoela adierazi du medikuak sare sozialetan, eta "nekatuta pareta berari jo eta jo ibiltzeaz".

"Azken lau asteetan lau urteko ume baten bizitzaren amaiera ikusi dugu. Bizpahiru aldiz joan behar izan gara haurraren etxera goizaldean, eta neke handia suposatu du bi erizainentzat, psikologoarentzat eta bi pediatrontzat", adierazi du medikuak. Haurra hil eta hurrengo egunean, "harrituta", Osakidetzako arduradunek hari eta beste osasun profesionalei kargu hartu zietela jakin zuen: "Baimenik ez dugun ordu batzuetan ospitaleko materialarekin kalean egoteagatik zigortu gintuzten. Eta gogorarazi ziguten zerbait gertatuz gero ez genuela ospitalearen lege estaldurarik izango".

Zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa eta baliabide eza"

Faltan Botatzen Dugu plataformak salatu du gertakariak agerian utzi duela Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa eta baliabide eza". Horren adibide gisa, plataformak azaldu du Osakidetzak etxez etxe artatzeko zerbitzua goizeko ordutegian eskaintzen duela, hau da, 8:00etatik 15:00etara, eta ez 24 orduz. Etxez etxeko zaintza aringarrien zerbitzuan 13 urtez lan egin ondoren, medikuak jakinarazi du lana"denbora batez" utzi duela : "Gelditzea eta atseden hartzea erabaki dut, gustatzen zaidana egiteko behar dudan energia eta motibazioa berreskuratzeko".

Horrez gain, pediatrak oharrean gogorarazi du Pediatriako Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteak urte batzuk daramatzala Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari zera eskatzen: etxez etxeko zaintza aringarrien zerbitzua egun osorako ezar dezala, eta horretarako baliabide guztiak eskaini ditzala zerbitzu horretan jarduten duten osasun profesionalentzat. "Gizartea egoera honetaz jakitun izatea nahi dut, eta etxean hil behar diren haurrei arreta jarraitua eskaintzea. Agian, familiek medikuek baino gaitasun handiagoa izan dezakete arduradunak konbentzitzeko", adierazi du medikuak oharrarekin amaitzeko.

Osakidetzak gezurtatu egin du kargu diola pediatrari

Astelehenean kaleratutako ohar baten bidez, Alberto Martínez Osasun sailburuak gezurtatu egin du Falta Botatzen Dugu plataformak zabaldutako informazioa. Martínezek jakinarazi du Osakidetzak ez diola kargurik hartu inongo profesionali: "Ez da egon kargu hartzerik, eta dena profesionalaren lan ordutegitik kanpo ibilgailu bat behar bezala erabiltzeko iradokizunera mugatzen da". Kontrara, Osasun sailburuaren arabera, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko erizain batek "ospitaleko ibilgailu korporatibo bat aldez aurretik abisatu gabe eta lan ordutegitik kanpo erabiltzeko arriskuaz" ohartarazi zien hainbat medikuri. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zaintza aringarrien zerbitzuko medikuen lana balioan jarri nahi dutela adierazi du Martinez, "beren profesionaltasunagatik eta dedikazioagatik": "Eguneroko konpromisoa arreta medikoaz haratago doa bizitzako unerik zailenetan". Kaleratutako oharraz gain, Radio Euskadin aferaz mintzatu da Martinez astelehen goizean. Osakidetzaren zaintza aringarrien zerbitzua "ereduzkoa" dela adierazi du, eta lana behin-behinean utzi duen medikuak "beste arrazoi batengatik" utzi duela.