Ospitaleko zuzendaritzak zerbitzua enpresa pribatu bakarrari esleitzeko asmoa duela dio sindikatuak: “Hamaikagarren urratsa da gure osasun sistema pribatizatzeko bidean”.
Prentsa ohar bidez jo du alarma LAB sindikatuak. Barakaldon kokaturik dagoen eta Euskal Herriko osasun zentro handiena den Gurutzetako ospitalean pribatizaziorako beste pauso bat emango dutela dio: bertako sukaldeko elikagaien hornidura eta jantokiko biltegiaren kudeaketa enpresa pribatu baten esku geratuko litzateke.
Enpresa horrek baino ez luke izango beharrezko elikagaiak lortu eta zerbitzua eskaintzeko baimena, eta horrek kezka sorrarazi dio sindikatuari: “Argi dago balizko enpresa pribatu horrek etekina bilatzen duela. Eta berau lortzeko bide bakarra elikagaien kalitatea eta kantitatea gutxitzea da”, dio.
LABek EAJri egotzi dio zerbitzua pribatizatzearen ardura, eta ospitaleko langile eta erabiltzaileei eskatu die jadanik hasita dauden mobilizazioetan parte hartzeko: “Sukaldeen pribatizazioaren kontrako borroka ere bada kalitatezko osasun publikoaren alde egitea”, azaldu du sindikatuak.