Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan konpontzeko konpromisoa hartu du birritan, baina ez du agindutakoa bete. Horren aurrean, Zabalgana eta Aldaialde ikastetxeek planto egin diete saioei. Zabalgana ikastetxeko zuzendari Itziar Badiola Maguregik azaldu dizkio ARGIAri egoeraren nondik norakoak.
Urteak dira Zabalganako osasun zentroak saio hezitzaileak eskaintzen dizkiela auzoko ikastetxeei. Lau dira jarduerak, Badiolak azaldu duenez. Batetik, Haur Hezkuntzako 4 urteko haurrentzako antzerkia osasun ohituren inguruan: “Euskaraz jasotzen dute haurrek”. Bestetik, Lehen Hezkuntzako 3. mailako haurrentzako (8-9 urte) Ume Sorosleak jarduera; “Erizainak azalpenak gazteleraz ematen ditu, umeek euskaraz galdetzen dute eta erantzunak batzuetan euskaraz bestetan gazteleraz jasotzen dituzte”. Hirugarrenik, 5. eta 6. mailako haurrentzako (10-11 urte) ibilbidea osasun zentrotik; “profesional batzuek euskaraz egiten diete, eta beste batzuek gazteleraz”. Azkenik, 6. mailako haurrentzako (11-12 urte) hitzaldia ikasturte amaieran, alkoholaren ingurukoa; “dena gazteleraz”. Lau jardueretatik bakarra euskara hutsean, hortaz.
Bi urte eskean
Orain bi urte eskatu zuen lehenbizikoz Zabalganako ikastetxeak jarduera guztiak euskaraz ematea, 2022-2023 ikasturtearen hondarrean. "Esan genien zerbitzua asko eskertzen diegula, baina D ereduko ikastetxea garela". Ezinezkoa zitzaiela erantzun zieten osasun zentrotik, Zabalganako zuzendariaren esanetan. “Esan ziguten dituzten baliabideekin ez zela posible, langile gutxik dakitela euskaraz, edo jakinik ere ez direla gai ikusten hitzaldi luzeak euskaraz emateko, adibidez alkoholaren ingurukoa”.
Zabalganko ikastetxeak hiru kexa aurkeztu zituen iragan ikasturtean: Behatokian, Elebiden eta Osakidetzan. Aurten Arartekora jo dute Zabalgana, Mariturri, eta Aldaialde ikastetxeek
Hurrengo ikasturtean (2023-2024) irakasleak eta familiak batzen dituen eskola kontseilura eraman zuen gaia familia batek. “Gurasoek esan zuten ezin genuela hori onartu”. Hiru kexa aurkeztea adostu zuten kontseiluan: Hizkuntz Eskubideen Behatokian, Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan, eta Osakidetzan. Baina pentsatu zuten kexak aurkezteak ikastetxearen eta osasun zentroaren arteko harremana kaltetu zezakeela, eta hori zaindu nahian azken saiakera bat egitea erabaki zuten. Badiolak berak deitu zien osasun zentroko arduradunei. “Azaldu nien kontseiluan kexak aurkeztea erabaki zela eta zerbitzua euskaraz ez ematekotan uko egingo geniola, baina aurretik aukera zabaldu nahi genuela berriz ere, egoera konpontzeko. Berdina erantzun ziguten, ezin zutela euskara bermatu”.
Osakidetzaren konpromisoa
Ikastetxeak aurkeztu zituen aipatu kexak, eta zuzendaria Osakidetzako euskararen normalkuntzarako teknikariarekin harremanetan jarri zen. “Teknikariak ardura hartu zuen, bisitan etorri zen, esan zigun ez zela onargarria, eta Osakidetzako arduradunekin bildu zela egoera azaltzeko”. Denbora batera, teknikariaren deia jaso zuten, antza arazoa konponbidean zegoen. “Esan zidan, ‘lasai Itziar, lortuko dugu, arduradunek diote posible izango dela, bertako osasun zentroko langileekin ez bada beste modu batera’”. Ikasturte berean ez, baina hurrengorako (2024-2025) jarduerak euskaraz emateko konpromisoa hartu zuen Osakidetzak.
Baina irailean ikasturtea hasi, eta zaharrak berri, Badiolak azaldu duenez. Osasun zentrotik berriz adierazi zieten 4 urteko haurrentzako antzerkia soilik eskaini zezaketela euskaraz. Esan zioten, dena dela, Osakidetzako arduradunen artean aldaketak egongo zirela, bazutela Zabalganako ikastetxearen berri, eta “agian” bigarren hiruhilabetekoan etorriko zirela aldaketak. “Bigarren hiruhilabetekoa heldu zen, hirugarrena amaitzear gaude jada, eta ez da inongo aldaketarik izan”, dio Badiolak.
Zabalgana ikastetxean soilik bederatzi talde gelditu dira formaziorik jaso gabe, 223 haur
Ikastetxeek uko
Ikastetxeak planto egin die, hortaz, Osakidetzaren saio hezitzaileei. Aurten euskarazko antzerkia soilik jaso dute, lau jardueretatik bakarra. “Bederatzi talde gelditu dira formaziorik jaso gabe, 223 haur”, salatu du Badiolak. “Gehien penatzen nauena da osasun zentroarekin beti izan dugula esker ona, haiek ere ahalegina egiten dute, baina ez dakit zer gertatzen den goian euskara ez bermatzeko, irtenbiderik ez bilatzeko”.
Eskubide urraketak ez dio Zabalganako ikastetxeari soilik eragiten. “Ondoan bi eskola ditugu, Mariturri eta Aldaialde, eta egoera berdina da. Mariturrik aurten erabaki du jarduerak egitea, baina Aldaialden ere adostu dute euskaraz ez diren saioei uko egitea”.
Hain zuzen ere, auzoko hiru ikastetxeek kexa berria aurkeztea erabaki dute, oraingoan Arartekoan. Zabalganan azken ekimen bat ere egingo dute ikasturtea amaitu aurretik: “Familiei prestatutako idazki bat bidaliko diegu, sinatu eta osasun zentroan aurkeztu dezaten”.
“Eskola kontseiluan hainbatetan atera da gaia: nola liteke gaur egun hau gertatzea?”
Ohitu edo harritu
Lanpostu publikoetarako euskara eskakizunen aurkako kanpaina mediatiko eta politikoa bizi dugu azken urteotan. Euskara gehiegi eskatzen omen da dagoen errealitate linguistikorako; baina Osakidetzak ezin dizkie saio hezitzaileak euskaraz bermatu D ereduko haurrei. “Langile horietako askok izango dute profila, ezta?", galdetu du Badiolak. Arazoa orokorragoa dela iritzi dio, halere: “Zenbat aldiz administraziora jo, paparrean 'nirekin euskaraz' daraman langile bati euskaraz hasi, eta, ‘barkatu, gazteleraz hobeto’ entzun? Zoritzarrez, ohitu egiten gara”.
Zabalganako ikastetxean, ordea, ez dute ohitu nahi izan. Eskola komunitatea “harrituta” dagoela dio ikastetxeko zuzendariak. “Eskola kontseiluan hainbatetan atera da gaia: nola liteke gaur egun hau gertatzea?”.