Oposaketen inguruan egindako barne ikerketa fiskaltzari aurkeztuko dio Osakidetzak. Erabakiaren arrazoia ez da filtrazioak eman izana, filtrazioak salatu dituzten hiru norbanakoei “iruzur saiakera” leporatu dietela baino.
Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak ostegunean jakinarazi du erabakia, medikuntza alorreko oposaketen gainean salatu diren irregulartasunen harira Eusko Jaurlaritzan egindako agerraldian. Adierazi duenez, fiskaltzaren esku utziko dute Anestesiologia espezialitateko azterketari buruz egin duten barne ikerketa, zeinetan ez den jasotzen filtraziorik eman izana, nahiz eta hiru froga errepikatuko diren eta oposaketara aurkeztu ziren hiru hautagaik irregulartasunak salatu dituzten. Kontrara, ikerketak salaketa egin duten norbanakoek “iruzur saiakera” egin dutela jasotzen du ikerketak.
Marta Macho, Manuel Martinez eta Roberto Sanchez dira oposaketetako iruzurra salatu duten hiru norbanakoak. Oposaketetan filtrazioak eman zirela egiaztatzeko helburuarekin fiskaltzara zein Arartekora jo zuten, baina arrakastarik ez zuen izan saiakerak. Hala bada, azterketako epaimahaiko zenbait kiderengana jotzea erabaki zuten, hauek azterketako galdera eta argibideak luzatzen ote zizkieten probatzeko. Osakidetzak “iruzur saiakera” egotzi die jokaera horrengatik.
Kardiologia eta Angiologiako kategoriak ere ikertu dituztela eta hauetan ere filtraziorik eman ez dela gehitu du Mujikak, nahiz eta Kardiologiako epaimahaikide batek irregulartasunak eman direla baieztatu El Diario egunkariari. Dena dela, azterketak errepikatu egingo dira. Mujikak azpimarratu du zuzenketekin eta galderak formulatzeko erarekin lotutako arazoak daudela guztiaren atzean.