argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak Europar Batasunetik kanpoko medikuak eta erizainak kontratatuko ditu “langileen defizita” estaltzeko
  • Aldi baterako neurria dela adierazi du Osakidetzak. ESK sindikatuak erabakia kritikatu du, eta adierazi du Osakidetzak migratutako langileekiko “diskriminazio sistematikoa” egin duela.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 05
Donostiako Ospitalea. // Argazkia: Euskadi.eus

Osakidetzak EAEko Aldizkari Ofizialean iragarri du Europar Batasunetik kanpoko medikuak eta erizainak kontratatzeko asmoa duela arlo jakin batzuetan langilerik ez dagoela konpontzeko, Berriak jaso duenez. Neurri honen bidez, hautagaiak ez dira nazionalitatea izatera derrigortuta egongo. Nazionalitate-betekizunaren salbuespena aplikatuko da espezialitate bat "defizitarioa" edo "betetzeko zaila" dela identifikatzen denean.

Osakidetzako Administrazio Kontseilua arduratuko da defizitariotzat jotzen diren eta presaz bete behar diren espezialitateak zehazteaz. Bertako ideek azpimarratu dute neurri hori “aldi baterakoa” dela eta “gutxienez” urtean behin berrikusiko dela.

Espezialitate bat "defizitariotzat” hartzeko lau irizpide ezarri ditu Osakidetzak. Lehenengoa “langileen arteko desfasea” litzateke, espezialista kategoria jakin eta zerbitzu erakunde baterako onartutako lantaldearen eta zerbitzuak ematen ari direnen artean sortutakoa. Bigarren irizpidea pazienteen ratio altuak izatea da: hirugarrena, lan karga handituko duten teknologia berriak sartzea; eta laugarrena, Espainiako nazionalitatea duten langileek ez betetzea aldi baterako nahiz lanpostu finkoak.

Osakidetzak 55 espezialitatetan atzerriko medikuak eta erizainak kontratatzeko asmoa du. Medikuei dagozkie espezialitate gehienak, psikiatria, pediatria eta larrialdiak barne. Erizaintzari dagokionez, hiru espezialitate espezifikotan bilatuko dira langileak: lan-osasuneko erizainak, osasun mentaleko erizainak eta emaginak.

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten atzerriko herritarrek homologatuta eduki beharko dute titulua. Hala ere, lehentasuna emango zaie Europar Batasuneko nazionalitatea duten pertsonei, baita Europar Batasunetik kanpoko batek titulu homologatua aurkezten badu ere.

Neurri berriari kritikak

Erabakiak kritikak eragin ditu, esaterako, ESK sindikatuaren aldetik. ESK-en salaketaren arabera, migratutako langileekiko “diskriminazio sistematikoa” egin da Osakidetzan enplegu publikoa lortzeari dagokionez, eta adierazi dute neurriak ez dietela erantzuten bertako langileen “egiturazko premiei”.

ESK-eko kideek adierazi dute Osakidetza akordio honen bidez aitortzen ari dela sindikatuek aurretik salatutako “langileen egiturazko defizita”. Araudiak aldatzea eskatu dute, nazionalitateagatiko diskriminazioa ezabatuta enplegu publikora iritsi ahal izateko.

Sindikatuak kritikatu du aldi baterako prozesuetara mugatu dela neurria, eta horrek Lan Eskaintza Publikoetan (LEP) parte hartzea eragozten dietela eta haien lan-baldintzak “prekarizatzen” dituela, “enplegua egonkortzeko” aukerarik gabe. Halaber, adierazi du soilik hiru espezialitateetan (Lan Osasuna, Osasun Mentala eta Emagina) kentzen dela Erkidegotik kanpoko langileak kontratatzeko debekua, eta beste arlo batzuetan, Lehen Mailako Atentzioan esaterako, badirudiela “langilez gainezka” daudela. ESK-k kritikatu egin ditu neurri horren behin-behinekotasuna eta urteko berrikuspenak, eta adierazi du horrek indartzen duela langileak “erabili eta botatzeko modukotzat” hartzea.