argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak eta Osasunbideak herritarren gain utziko dute COVID kasu arinen jarraipena
  • Protokoloa aldatu dute Hego Euskal Herriko osasun publikoko erakundeek, Omikron aldaera nagusi dela ikusi eta positibo kopuruaren gorakada handiaren ondorioz. Jarraipen "proaktiborik" ez zaien egingo sintoma arinak dituzten herritarrei. Sintomek okerrera egiten badute baino ez dira jarri beharko  zuzenean harremanetan osasun etxearekin.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 28a

Birusaren transmisioa "fase berri batean" dagoela-eta erabaki dute bai Osakidetzak eta bai Osasunbideak COVIDaren jarraipen protokoloa aldatzea. Agintariak neurri sozial murriztaileak ezarri dituzten egun berean eman dute lehen arretari eragiten dion aldaketa horren berri. Herritarren esku utziko dute orain jarraipena, eta sintoma arinak dituztenek ez dute zertan osasun publikoko zerbitzuekin zuzenean harremanetan jarri beharko, telematikoki eman beharko dituzte eurek bakarrik pausoak.

Gotzone Sagarduy Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez "sintomek okerrera egiten badute" soilik jo beharko dute osasun etxera. Sailburuaren esanetan, beraz, kasu arin horiei ez zaie jarraipen "proaktiborik" egingo eta "ahulenen" eta pertsona zaurgarrienen jarraipenean jarriko dute arreta, besteak beste immunoeskasia duten pertsonengan.

COVIDarekin "bateragarriak" diren sintomak dituztenek formulario bat bete beharko dute Eusko Jaurlaritzaren webgunean eta modu horretan emango zaie test diagnostikoa egiteko hitzordua. Laneko baja ere modu automatikoan tramitatu beharko du herritarrak webgunearen bidez, baina horretarako Osakidetzaren "diagnostiko zuzena" ezinbesteko izango da, hau da, etxeko testak ez du balioko.

Nafarroako Gobernuak ere aldatu du protokoloa, osasun sarea saturazio egoeran dagoela-eta ezin baita iritsi kasu guztiak jarraitzera, azaldu dutenez. "Selektiboagoak" izango dira eta asintomatikoei ez dizkiete frogak egingo, baina aholkatuko diete prebentzio neurriak hartzea.

Gainera, etxean egindako test autodiagnostikoak balekoak izango dira positiboa konfirmatzeko, Nafarroako kasuan. Positiboen kontaktu zuzenek txertatuta baldin badaude harreman sozialak murriztu beharko dituzte, txertatuta ez daudenek, aldiz, "zorrotz" mantendu beharko dute 10 eguneko berrogeialdia.