argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak 581.616 euro ordainduko dizkio aurten Elizari
  • 2018tik 3,490 milioi euro jaso ditu Eliza katolikoak osasungintza publikoaren aurrekontutik, baina aurretik diru gehiago jasotakoa da: 1987an egin zuten lehen ituna Osakidetzak eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko elizbarrutiek. Aurten sinatu duten hitzarmena lau urterako da.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 07a

Aurten 581.616,85 euro jasoko ditu Eliza katolikoak, eta hurrengo hiru urteetan jasoko duena ez da zehazten hitzarmenean, baina kopuru bera ez bada, antzekoa izango da (alegia, 2018tik oraingo hitzarmena bukatu arte, 5,234 milioi euro inguru jasoko ditu Elizak Osakidetzatik). Lau urteak gainditzean, hitzarmena berritzeko aukera jasotzen du lankidetza dokumentuak. Ekainean sinatu zuten, eta orain atera da argitara, EH Bilduko Rebeka Uberak Eusko Legebiltzarrean eskatuta.

Diru horren truke, Elizari eskatzen zaio arreta erlijiosoa eta sakramentuak ematea eta gaixoari eta senideei laguntza espirituala eskaintzea, besteak beste. Pazienteak edota senideek beste erlijio edo Eliza batzuekin jardun nahi balute, bitartekari lana egitea ere eskatzen zaie elizbarrutiei.

Dokumentuan, apaizen presentzia egonkorra ziurtatzera eta zaintza lokalizatuak egitera konprometitzen da Eliza katolikoa; eta Osakidetzak osasun zentro publikoetan arreta erlijiosorako espazioak bermatzeko betebeharra hartzen du.