argia.eus
INPRIMATU
Osakidetza euskalduntzeko egitasmo berria eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
  • Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio 2005-2011 bitarteko Osakidetzako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren azterketa egiteko, eta hortik ateratako ondorioetatik aurrera begirako pausoak emateko, 67-2003 dekretuari (pdf) jarraiki. Euskararen erabilera sustatzeko egitasmo berriak bi ardatz izango lituzke: hizkuntza eskubideak bermatzea eta kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzea.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 15
Eusko Legebiltzarrak euskararen erabilera sustatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Argazkia: Dani Blanco.

Zehatzago adierazita, lehen mailako arretan euskara bermatzea lehenetsi beharko litzateke, eta batik bat, umeekiko harremanean. EH Bilduk egin du proposamena Legebiltzarrean eta EAJk eta PSE-EEk babestu dute.

Eusko Legebiltzarrak lanabes informatikoak euskaratzeko plana ere eskatu du. Hiru alderdien eskaria da, hiru hilabeteko epean, Osakidetzan erabiltzen diren tresna informatikoak aztertu eta haiek euskaratzeko plana egitea. 2014ko udatik aurrera hasi beharko lukete lanean. Alderdiek adostu duten testuan lanabes informatiko bakarra aipatzen da: Osabide. Tresna hori osasun profesionalek erabiltzen dute gaixoen informazioa biltzeko, besteak beste, historia klinikoa. Gaur egun, gaztelaniaz baino ez dago.

Aitor Montes Lasarte Aramaioko medikuak Osakidetza euskalduntzeko hainbat eskari bideratu ditu azkenaldian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera. Osabide euskaratzea galdegina zuen eta duela gutxi erantzuna jaso ere bai. Informatikako eta Informazio Sistemetako zuzendariordeak adierazi zionez, Osabide-Lehen Mailako Atentzioa IZ gaztelaniatik euskarara ekartzea ez zen bideragarria ekonomikoki. Hiru alderdiek adostutakoa ezagututa, Montes medikuak adierazi du Legebiltzarraren eskaria lanerako abiapuntua dela, nahiz eta emandako pausoa ausartagoa izan zitekeen.

Informazio gehiago:

Eusko Legebiltzarra: 2013ko otsailaren 14ko osoko bilkurako erabakiak (pdf). Osakidetzako euskara planaren ingurukoak 3. puntuan daude (4-5 orrialdeetan)