argia.eus
INPRIMATU
Ortzadar egunerokoa: LGTBfobia ikusarazteko Gehituren kanpaina
  • “Ortzadar egunerokoa” izeneko egitasmoaren baitan, edonork ikusitako edo bizitako edozein diskriminazio mota era anonimoan salatzeko helbide elektroniko bat jarri du Gehituk. Bertan jasotako iruzkinekin osatuko da egunerokoa.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 04a

LGTBI+ kolektiboaren aurkako diskriminazio kasuak ikusaraztea du helburu “Ortzadar egunerokoak”. Diarioarcoiris@gehitu.org helbidera bidali ahalko dira ikusi edo jasandako edozein diskriminazio kasu: “fisikoa, ahozkoa, edo eguneroko mikro-diskriminazioak”. Mezuan igorlearen adina aipatu beharko da, erasoa azaldu eta non gertatu den adierazi.

Sare sozialen bidez zabalduko da egunerokoa. “Edozein motatako diskriminazioa, nahiz eta oso txikia izan, ikusgarri egitearen garrantziari buruz kontzientziatu nahi dugu gizartea”, azaldu dute.

Gehituk ohartarazi du 2014-2015 ikasturtean egindako Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrerak ikasgeletan txostenaren arabera, ikasleen %82ak egoera homofoboren bat ikusi duela, %24ak jarrera homofoboren bat izan duela eta %10ak eraso homofoboren bat jasan duela.