argia.eus
INPRIMATU
247 milioi euroko ikerketa proiektuei uko egin die EHUk, Israelgo erakundeek zuten parte-hartzeagatik
  • Palestinan bideratzen ari den genozidioa salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek. Hainbat neurri hartuta ditu EHUk eta tartean, batzorde bat sortzeko proposamena egina dio errektoretzak Palestinaren aldeko unibertsitate mugimenduari, aurretik ere unibertsitateak zituen proiektuak aztertzeko gisan.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 18a
Irailaren 17ko prentsaurrekoan Joxerramon Bengoetxea, Estitxu Garai eta Asier Blas ondoan dituela. EHU

Israelgo erakundeekiko loturak mozteko erabakia gauzatu du Euskal Herriko Unibertsitateak. "Palestinako herriaren kontrako genozidioa lehentasunezko auzia da gure unibertsitatean", adierazi du asteazkenean burutu prentsaurrekoan Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. Estitxu Garai eta Asier Blas ere egon dira agerraldian. Hori horrela, Israelgo erakundeekin zuten parte hartzeagatik, hainbat ikerketa proiekturi uko egin dio EHUk, guztira 247 milioi euroko balio zutenak.

Erabaki hori, Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onarturiko erabakiaren jarraipena da. "Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa" hartu zuten manifestu horren bidez.

Era berean, aurrerantzean enpresekin sinatuko diren hitzarmenetan giza eskubideak errespetatzeko eta armagintzarekin harremanik ez izateko klausula gehitzea proposatuko du Gobernu Kontseiluaren ondoko bileran. Euskal enpresekin indarrean dauden akordio edo harremanak ere berrikusiko dituztela jakitera eman dute agerraldian.

Gaur egungo errektoretza taldeak kargua hartu aitzin pasatako akordioak berrikusteko lan talde bat sortzeko xedeak ere mahai gainean jarraitzen du. Hala, Bengoetxeak gogoratu du uda aurretik proposatu zela Palestinaren aldeko unibertsitateko mugimenduaren parte hartzea izanen duen gisa horretako batzorde bat eratzea: "Uste dugu beharrezkoa dela EHUn Palestinaren alde lanean ari diren taldeak ere batzordean izatea".

EB eta Espainiako Gobernuari deia

Europar Batasuneko erakundeei eta Espainiako Gobernuari ere eskatu diete Israelgo unibertsitateak atera ditzatela ikerketa nahiz akademia eta kultura elkarlanerako diru-funtsetatik. Gaur egun, ikertzaile israeldarrek Europako ikertzaileen baldintza berberetan jasotzen dituzte diru-funtsak, Israelgo Gobernuarekin dagoen elkartze-akordioaz baliatuta. "Dirua jartzen duten erakundeak dira ezinbestean eskua hartu behar dutenak ikerlari eta ikerketa taldeen lana blindatu eta proiektuetako partaidetzak arriskuan ez jartzeko", Bengoetxearen hitzetan.

Ikerlari palestinarrekin elkarlana

Universitaires avec Gaza eta Univ-Gaza Frantziako taldeekin harremanetan dago EHU, Palestinako ikertzaileak handik atera eta EHUra ekartzeko aukera aztertzen, Frantziako nahiz Iparraldeko unibertsitateekin elkarlanean. Ildo beretik, Ikasleen eta Gizarte Konpromisorako Errektoreordetzak beka-deialdi bat onartuko du, espresuki Palestinako ikertzaileei ostatu eta mantenu laguntzak emateko. Zehaztu dutenari segi, helburua da, Nazio Batuen Erakundeko hainbat organok aitortu moduan, "Palestinako ikertzaileen larrialdi-egoera eta muturreko kalteberatasuna aitortzea".

Palestinaren aldeko Global Sumud Ontzidiari elkartasuna adierazita bukatu dute prentsaurrekoa.