argia.eus
INPRIMATU
Orioko emakume arraunlariek zuzendaritzaren “umiliazioa eta balio matxistak” salatu dituzte
  • Hogei arraunlaritik hamaseik sinatutako adierazpenean, adierazi dute zuzendaritzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean “atzera pauso erraldoia” eman duela, eta klubeko “balio matxisten berrikusketa” exijitu dute.

ARGIA @argia 2025eko urriaren 24a
Orioko emakumezkoen trainera. Euskotren Liga

Orioko arraun klubeko emakumeek komunikatua zabaldu dute zuzendaritzaren jarrera salatzeko. Adierazi dutenez, amaitu berri den denboraldian bizitakoa “lazgarria” izan da. Salatu dute “emakume izate hutsagatik” zenbait tratu txar jasan dituztela: euren lana eta profesionaltasuna “zalantzan” jarri dituzte, “mespretxua, umiliazioa eta gutxiespena” jasan dituzte, baita baldintza ekonomikoetan “desberdintasuna eta bazterketa sistematikoa” ere; haien inguruko “informazio faltsua” zabaltzea ere leporatu diote zuzendaritzari. Azaldu dutenez, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen arteko berdintasuna urrundu egin da.

Egoerak 2025eko denboraldia are gogorrago bilakatu duela salatu dute, eta arraunlariengan eragin nabarmena izan duela: “Min psikologiko eta emozional handia eragin digu; zuzenean gure errendimenduan, ongizatean eta osasunean eraginez”.

Horrela, bada, “isilik egoteaz eta zapaltzaileak izan diren horien hitzak entzuteaz” nazkatuta, adierazi dute “klubeko balio matxisten berrikusketa” exijitzen dutela, eta berdintasun plana lantzeko garaia dela gehitu dute, emakume arraunlarien eskubideak eta ongizatea bermatuko dituena.

Zuzendaritzak, momentuz, ez du adierazpenik emango; Berria-ri adierazi dionez.