argia.eus
INPRIMATU
Eguzki:
“Oria zabortegi bihurtuta dago Beasainen”
  • Talde ekologistak ohartarazi du ibaiko bazterrak hondakinez beteta daudela eta Beasaingo Udalari eskatu dio garbitu ditzala, "zabor horiek itsasora iritsi baina lehen"

ARGIA @argia 2019ko urriaren 17a
(Argazkia: Eguzki)

Beasaingo Joxe Martin Arana kaletik Oria ibai ertzera doan eremua zaborrez gainezka dagoela azaldu du Eguzkik. Grabaturiko irudietan ikus daitekeenez, plastikoak, etxeko tresnak eta altzairu handiak ere badaude ezezagunek jaurtita.

Eguzkiren esanetan, udalak Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ura agentziarekin bat eginda hartu beharko lituzke halako kutsadurak saihesteko neurriak, baina ardura udalarena dela dio: "Ez du balio pilota besteari pasatzea". Bere esanetan, "noizean behin" ibaia garbitzea ez da soluzioa eta, besteak beste, burdin-sareak jartzeko eskatu du, Azkoitian, Azpeitian, Tolosan, Zestoan eta beste hainbat tokitan egiten ari diren bezala.

Horrez gain, eguneroko praktikekin ibaian eta itsasoan sortzen dugun kutsaduraz herritarrak heztea eta "tokatzen denean" zigortzea da erronka nagusietakoa Eguzkiren esanetan. "Baina ezer baino lehen, Udalak etsenpluaren bidez predikatu behar du eta ibaia garbitzeari ekin behar dio".