‘Organo kontzertuak’ zikloak bigarren emanaldia du domekan, azaroaren 2an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Maurice Ravel konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, bere piezak organora egokitu eta Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsotan jarriko dituzte.
Organoak kulturako beste zenbait diziplinarekin “ezkontzeko” duen gaitasuna erakutsi nahi du Organo kontzertuak zikloak, horrela azaldu du Mikel Ansola musika koordinatzaileak. Hori horrela, eta Maurice Ravel konpositore ziburutarraren (Lapurdi) jaiotzaren 150. urteurrena baliatuta, Euskaldunako organoa bertsoarekin fusionatuko dute igandean, azaroaren 2an 19:00etan. Organoan Aiherrako (Baxenabarre) Thomas Ospital organojolea izango da, Parisko goi kontserbatorioko organo irakaslea, eta Ravelen piezak organora ekarrita, Egaña eta Lujanbiorekin ariko da. Sarrerak eskuragai daude Euskalduna Jauregiko webgunean.
Organoa euskal kulturara hurbilduko dute igandean Euskalduna Jauregian. Hurbildu, batetik konpositore eta jotzailea euskal herritarrak direlako; eta, bestetik, Euskal Herriko ahozko diziplina garrantzitsuenetako batekin, bertsolaritzarekin, fusionatuko dutelako. Bizkaiko organo handiena izango da emanaldiaren eszenatokia, eta zibila den bakarra.
Emanaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoa Ospital organojolea bakarka arituko da, Ravelen Le Tombeau de Couperin pieza interpretatzen. Pieza, berez, ez da organorako egina, baina egokitu egin dute. Prélude, Forlane, Menuet eta Rigaudon atalak joko ditu. Bigarren zatian sartuko dira Egaña eta Lujanbio, eta bertsotan aritzeko organojoleak izan duen gai bera izango dute: Maurice Ravel.
Ez da lehen aldia organoa eta bertsolaritza batu dituztena. Markina-Xemeingo (Bizkaia) Musika haizeak jaialdiaren barruan ere izan zen antzerako emanaldia. Orduko hartan Josune Aramendi eta Nerea Ibarzabal aritu ziren bertsotan, Carlos Fernández Bollo, Johannes Friederich eta Juraj Kremen organoan zeuden bitartean. Orduan euyskal kulturaren inguruan ipini zituzten bertsotan.
Hiruko zikloa
Hiru kontzertutatik bigarrena izango da azaroaren 2an Euskaldunan egingo dena. Lehenengoa urriaren 5ean izan zen. Orduko hartan, abesbatzak izan ziren organoarekin batu zirenak. Ansolak “pozik” agertu da publikoak lehen emanaldiari egindako harrerarekin. Azaldu duenez, bost abesbatzak hartu zuten parte, “era guztietako musikarekin”: “Jendeak zioen ez zekiela organoak gaitasunik zuenik hainbeste musika mota ezberdin laguntzeko”.
Hirugarren eta azken kontzertua abenduaren 7an izango da. Ordukoan orkestrak osatuko du organoaren emanaldia, Musikeneko ikasleek osatutako orkestrek hain zuzen. “Talentu lokala eta etxeko musikariak” azpimarratu nahi izan ditu musika koordinazioak, Ansolak esan duenez.