EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun” dago Jaurlaritza.
Manu Lezertuak gidatzen duen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arartekoak Ordiziako eskoletan bizi dituzten desorekei buruzko ondorio gordinak kaleratu ditu ebazpen batean. Goierriko udalerri horrek dauka EAEko immigrazio tasarik altuena (%20tik gora) eta eskola segregazioa saihesteko borrokan ari da aspaldian euskal eskola publikoaren komunitatea.
Hezkuntza Sailak Arartekoari emandako eskolatze-datuen arabera, alde handiak daude “funts publikoekin lagundutako” udalerriko bi eskolen artean, Urdaneta eskola publikoa eta Jakintza ikastola. Esaterako, jatorri atzerritarra duten familien %81 eskola publikora joaten da. Arartekoak nabarmendu du hain justu zaurgarritasun sozioekonomiko handiena eta euskara-ezagutza txikiena duten ikasleak izan ohi direla.
Ordizian jatorri atzerritarra duten familien %81 eskola publikora joaten da. Arartekoak nabarmendu du hain justu zaurgarritasun sozioekonomiko handiena eta euskara-ezagutza txikiena duten ikasleak izan ohi direla
Arartekoa ez dator bat Hezkuntza Sailak Ordiziako hezkuntza egoeraz txosten batean egiten duen "balorazio oso positiboarekin", eta arazoari aurre egiteko “neurri zuzentzaile nahikorik” ez hartu izana egotzi dio: “Ezin da esan eskola-segregazioaren arriskua nabarmen gutxitzen ari dela, helburu hori lortzea urrun baitago neurri irmoagoak hartzen ez badira”, dio.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Ordizia “eredu” bezala jarri zuen Eusko Legebiltzarrean galdera bati erantzunez: bere esanetan desoreka joera horiek leheneratzeko Jaurlaritzak ezarritako neurriek “funtzionatzen” dute.
Ordiziako Eskola Publikoaren Komunitateak, aldiz, zalantzan jarri ditu Ordiziako zaurgarritasun-indizearen datuak. Horien arabera, Urdaneta eskolan indize hori %51tik %12 jaitsi da: “Nahikoa litzateke gure eskolara gerturatu eta galdera gutxi batzuk egitea jakiteko ez dela egia”, azaldu dute iritzi artikulu batean.
Urtetako kezka
Ez da lehen aldia Ordiziako eskoletan dauden desorekek sorturiko kezkak Arartekora iristen direna. 2019an Jaurlaritzari hainbat gomendio egin zizkion Arartekoan, baina 2023an espedientea itxi zuen esanez honek ez zuela neurririk ezarri. Azken urteetan egin izan dituen urteko txostenetan ere Ordiziako eskola segregazioa kezka nagusienetako bat izan da.
Bere azken ebazpenean, herritarren eskubideen defendatzaileak ondorio argia atera du: Hezkuntza Sailak udalerriko bi ikastetxe horietan “aniztasuna modu ekitatiboan banatzeko” neurriak bultzatzen jarraitu behar luke, “udalerri horren berezitasuna kontutan hartuta”.