Eusko monetak beste aurrerapauso bat eman nahi du eusko numeriko edo digitalaren sorrerarekin. Monetatik abiatu zen proiektuak ordainketa digitaletara ere iritsi nahi du, interneteko kontuak eta ordainketa txartelak abian jarriz. Prozesuan parte hartzeko abenduaren 1ean Baionan egingo den ezohiko biltzarrera joateko gonbita egin dute.
Euskoa billeteak eta ordainketa numerikoa batzen dituen lehen tokiko moneta izateko bidean da. Ekimenaren bultzatzaileek bi urtez lan egin ondoren, teknikoki prest daudela azaldu dute, eta bide juridikoa zabalik dutela. Horretarako erabiltzaileentzat ordainketa txartelak egitea proposatzen dute, internet kontu batekin. Erabiltzaileek kontu hori doan sortzeko aukera izango dute, Euskal Moneta elkarteak kudeaturik.
Era honetan telefono mugikorretatik eta ordenagailuetatik dirua trukatzeko aukera egongo da, baita eusko kontuen artean mugimenduak egiteko ere. Bestalde, ordainketa txartel baten bidez saltokietan erosketak egiteko edo aldaguneetan billeteak ateratzeko baliagarria izango da.
2013an billete moduan sortu zenetik, 30.000 eusko baino gehiago banatu dira tokiko elkarteetan eta Ipar Euskal Herriko hainbat saltoki elebidun bihurtzeko baliagarria izan da. Euskoari esker 200 harreman komertzial berri baino gehiago sortu direla azaldu dute bultzatzaileek.
Proiektuak aurrera egin dezan, prozesuan parte hartzeko deia egin du Euskal Monetak. Horretarako dei egiten dute abenduaren 1ean Baionako Manu Robles Arangiz Fundazioan arratsaldeko zazpietan egingo den euskoaren ezohiko biltzar nagusira.
“Euskoa gehiago hedatuz, elkarrekin, Euskal Herri euskalduna, solidarioa eta ekologikoa eraikitzeko urrunago joateko aukera emanen digu!”, adierazi dute.