Global Sumud Flotilla Sizilia eta Kreta irlen artean dago, ontzietako batetik Itziarrek –abizenik ez du eman nahi– ARGIAri igande arratsaldean azaldu dionez. Beste aste bat baino gehiago behintzat beharko dute Palestinako kostaldera heltzeko. Droneak etengabe zelatan dituztela adierazi du, baina “gorputza jartzen” jarraituko dutela.
Hiru aste pasa dira jada abuztuaren 31n Global Sumud Flotillako hamarnaka ontzi Gazara bidean irten zirenetik, Bartzelonako portutik. “Une honetan Kreta eta Sizilia arteko erdibidean gaude, Libiako kostaldearen paraleloan. Ontzi gehienak elkarrekin goaz, Bartzelonatik, Tunisiatik eta Italiatik irtendakoak, eta orain Greziakoak batuko zaizkigu. Orotara 50 bat naziotako ehunka pertsona gaude ontzietan”, laburbildu du egoera Flotillako euskal ordezkaritzako kide Itziarrek.
Droneak gainean uneoro
Tunisiatik irten zirenetik Israelgo droneen presentzia etengabea dela azaldu du Itziarrek. “Gauetan segurtasun txandak egiten ditugu, eta gauero ikusi ditugu, hurbilago edo urrunago”. Hain zuzen ere, egoeraren berri ematen ari zen unean “alarma” piztu da ontzidian: “Oraintxe bertan alarma piztu da flotillan bi drone oso gertu kokatu zaizkigulako, inoiz baino hurbilago, denak ontziaren atzealdean bildu gara [Itziar doan ontzian 33 ekintzaile doaz], eta gora begira gaude, ea zer asmo duten, urrundu egin dira momentuz”.
Tunisian bi aldiz eraso zieten drone sionistek flotillako ontziei. Erasoen inguruan bi irakurketa nagusi egin dituzte euskal ekintzaileek. Batetik, “agerian geratu da Israelek zer gaitasun duen nahi izatekotan eraso ‘kirurgikoak’ egiteko, pertsonak hil edo zauritu gabe, Gazan ez bezala”. Horrek erakusten du, Itziarren esanetan, bizitza batzuk besteek baino balio handiagoa dutela. “Horregatik ari gara gure gorputzak jartzen ontzi hauetan, ez direlako ausartzen gu mendebaldar zuriak akabatzen”.
Bestetik, uste dute flotillaren aurkako erasoen helburua nazioarteko arreta “desbideratzea” zela: “Gazan indar guztiarekin sartzen ari dira, holokaustoaren azken urratsa burutu nahian, eta flotillaren aurkako erasoaldia su-artifizial gisa baliatu nahi zuten, arreta Gazatik desbideratzeko. Hortaz, beti errepikatzen dugun moduan, arreta Gazan jarri behar dugu”.
Flotillari babesa Euskal Herrian
Flotillaren euskal ordezkaritza itsasoan ez ezik lurrean ere ari da genozidioaren aurka lanean, mobilizazioak antolatzen eta informazioa herritarrei zein hedabideei helarazten, besteak beste. Euskal Herritik ari direnei ekimenaren orain arteko balorazioaz galdetuta, “oso positiboa” izaten ari dela adierazi diote ARGIAri. “Gizartean, bai mundu mailan, bai gure herrian bertan, Palestinarekiko erantzun eta elkartasun maila handitzen ari da”, azaldu dute. Flotillak Euskal Herrian duen babes “handiarekin” pozik agertu dira: “Milaka lagunek babestutako ekintza kolektiboa da, nahiz eta euskal ordezkaritza txiki batek bakarrik bidaiatu ahal izan duen itsasontzietan, muga logistikoak direla-eta”.
Gobernuak kritikatu dituzte “azaleko keinuak” egin bai, baina “Israelgo erakunde sionistarekin harremanak hautsi gabe” jarraitzen dutelako. Baikortasunez hartu dute hamasei estatuk, tartean Espainiakoak, Israelek flotilla abordatuz gero “ondorioak” izango direla adierazi izana, baina “deklarazio horiek hitz hutsetan ez geratzea” exijitu diete.
Salatu dute Israelek flotillako kideak “terrorista” izendatu dituela, eta ohartarazi dute ez dutela “elkartasunaren kriminalizaziorik” onartuko. “Palestinako herriaren eskubideak defendatuz, gizateriaren eskubideak ere defendatzen ari gara faxismoaren eta inperialismoaren aurrean. Onartzen dugu komunitate judu antisionistaren papera zein erresistentzia palestinarrarena ezinbestekoak direla herri palestinarra salbatzeko”.