Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala egingo du abenduaren 6an Durangon, Euskara biziberritzeko, Euskararen Errepublika! lelopean. Euskarak eta euskaltzaleek jasaten dituzten zapalkuntzei aurre egiteko eta euskararen “benetako normalizaziorako ezinbestekoa den marko juridiko-politiko propioa” sortzeko deialdia da. Babes zabala jaso dute, izan ere, alor ezberdinetako 30 eragilek baino gehiagok egin dute bat. Iraia de la Torre EHEko koordinatzailearekin hitz egin dugu hitzorduaren atarian. De la Torrek oso ondo baloratu du jasotako babesa, euskara ez delako "euskalgintzaren kontu bat soilik, (...) askapenerako eta justizia sozialerako tresna da”.
Euskararen borroka, eta borroka nazionala eskutik joan behar direla iradokitzen du leloak... marko juridiko-politiko propio bat garatzea zergatik da garrantzitsua?
EHEtik betidanik aldarrikatu izan da euskararen benetako normalizazio prozesurako ezinbestekoa dela independentziaren beharra; alegia, estatu propio bat eta egitura juridiko politiko batzuk izatea. Azken urteotan EHEtik eragile independentista gisa aitortzen dugu gure burua, jada modu esplizitu batean. Are, orain, euskara oldarraldi juridikoa pairatzen ari denean, ezinbestekoa da gure marko propioa sortzea, gure hizkuntza politikak aurrera eramateko eta euskararen normalizazio prozesu hori benetan gauzatzeko, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko.
Euskararen diagnostiko ezberdinak egin izan dira... Zuek “larrialdi egoeran” gaudela ohartarazi duzue azken urteotan, eta azken aldian egoerak ez du onera egin: euskara eskakizunen murrizketak, euskaltzaleei epaiketak, EHUn euskaraz ikasteko ezintasuna...
Duela pare bat urte Euskalgintzaren Kontseiluak diagnostiko berri bat egin zuen eta hor diskurtsoa aldatu zen: euskalgintzak onartu zuen euskara larrialdi egoeran zegoela. Azken hamarkadetan uste faltsu bat zabaldu izan da, zioena euskararen ezagutzak ekarriko zuela euskararen erabilera, eta hizkuntza politikak horretan oinarritu izan dira. Azken ikerketetan ikusi da hori ez dela horrela gertatu. Horrek euskalgintza hausnarrean jarri du, eta hausnarketa prozesu horretan ikusi dugu larrialdi egoeran gaudela. Alde batetik, aipatutako hipotesi hori ezeztatu delako, eta bestetik, azken bizpahiru urteetan euskara koofiziala den lekuetan (EAEn eta Nafarroa iparraldean) atzerapausoak ematen ari direlako aipatu dituzun arloetan. Eta hori dena badator Espainiako Estatutik abiatu den oldarraldi juridiko baten erdian.
"Euskararen ezagutzak ez du ekarri euskararen normalizazioa"
Hala ere, oldarraldiaren irakurketa ez dugu modu isolatuan soilik ulertzen. Alegia, uste dugu eskuin muturraren eta faxismoaren mundu mailako gorakada honetan, lortu ditugun eskubideetan atzerapausoak ematen hasi garela, eta hori nabarmena da hizkuntza minorizatuon kasuan. Ezin diogu begiratu soilik espainiar eta frantziar estatuengandik jasotzen dugun zapalkuntzari. Ikuspegi globala ere beharrezkoa da.
Politika publikoak ez direla eraginkorrak izan aipatu duzue: ez dugula anestesiarik behar, sendabidea baizik.
Bai, nik esango nuke esaldi hori batez ere badatorrela hizkuntza politikak etengabe egin behar diren uste horretatik. Baina ikusi dugu agintari politikoek ez dutela benetan eraginkorrak izango diren hizkuntza politikak garatzeko nahirik erakutsi. Eta nahiz eta nahi politiko hori izan, hor topatzen gara berriro Espainiako eta Frantziako estatuek jartzen dituzten muga politikoekin. Alegia, heldu daitekeela koofizialtasun minimo batera, baina ez benetako euskalduntze prozesu batera.
Nola dago euskararen aldeko borroka?
Gure sentsazioa da euskararen aldeko borrokak azken bi hamarkadetan geldialdia izan duela. Batez ere, euskararen normalizazio prozesu bat egon delako. EAEn, batez ere, saiatu dira euskarak bizi duen egoera normalizatzen instituzioen bidez, eta horrek, borroka guztietan bezala, apaldu egiten du herri mugimendua bera, eta kasu honetan euskararen aldeko herri mugimendua. Hala ere, ikusten ari gara belaunaldi berriak ari direla batzen euskararen borrokara (printzipioz normalizazio prozesu horren seme-alabak diren gazteak); bai gure antolakunde barruan, baina baita euskalgintzan dabiltzan beste hainbat eragileen barruan ere.
"euskararen alde zegoen jendea berriro ari da batzen euskararen borrokara"
Hau badator sentitzen dugulako ez dela benetako normalizazio prozesu bat aurrera eraman. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetako jendea ari da batzen euskararen borrokara. Hori aspalditik datorren kontu bat da, zapalkuntza askoz agerikoagoa izan delako, baina orain borroka hori ere beste marko batzuetan sartzen ari da. Ondorioz, duela dezente euskararen alde zegoen jendea berriro ari da batzen euskararen borrokara. Hori ikusten ari gara gure antolakunde barruan. Azaleratzen denean Frantziatik eta Espainiatik datorkigun zapalkuntza estrukturala, jende berria batzen da euskararen borrokara.
Euskararen afera erdigunean dagoela uste duzue?
Azken hilabeteetan ikusten ari gara herri mugimenduetatik bultzatutako ekimenak agenda politikoa markatzen ari direla. Adibidez, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an egingo duen ekitaldi nazionalarekin hori gertatu da, baita gu egiten ari garen bultzadarekin ere. Maila nazionaleko zein tokian tokiko ekimenak ari dira espazioa hartzen, eta nolabait euskalgintzaren agenda markatzen. Gainera, badago koordinazio bat euskalgintzan gabiltzanon eragileen artean, agenda politiko hori markatu ahal izateko. Alde batetik, euskararen benetako normalizazioan eragiteko, eta baita oldarraldi juridiko eta diskurtsibo horri buelta emateko ere. Orain, euskal hiztun komunitatea badirudi pribilegiatua dela, nahiz eta jakina den hori ez dela horrela, eta euskal hiztun komunitateak ez dugun bermatuta gure egunerokotasunean euskaraz bizi ahal izatea. Diskurtso horri erantzuten ari gara. Beraz, bai, uste dut ari garela agenda politikoan etengabe nolabait eragiten.
Eragile askok deialdiarekin bat egin dute, 30 baino gehiagok, nola baloratzen duzue harrera hori?
Oso interesgarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena, 30 eragile horietan ez daudelako bakarrik euskalgintza klasikoko eragileak (AEK, Ikastolen Elkartea, etab.). Noski badaudela, baina badaude ere alor ezberdinetako eragileak, eta hor dago gure apustua manifestazioari begira. Izan ere, sinisten dugu euskara ez dela euskalgintzaren kontu bat soilik, eta euskara badela Euskal Herriaren zutabe bat. Horregatik, transbertsala izan behar da euskararen aldeko borroka herri mugimendu guztietan. Ikusten dugu euskara badela askapenerako eta justizia sozialerako tresna, eta ezinbestekoa ikusten dugu ikuspegi intersekzional hori. Beraz, ikuspegi intersekzionalak horiek garatzeko saretzea da independentziara begira jorratu behar dugun ildoa.