"Gazako Fundazio Humanitarioak" banatutako janarian oxikodona aurkitu dute.
Gazako Gobernuak salatu duenez, Gazako Fundazio Humanitarioak (GHF) laguntza humanitario gisa banatutako irin-zakuetan oxikodona pilulak aurkitu dituzte, opioide indartsu bat. Amerikako Estatu Batuek eta Israelgo Estatuak babesten dute erakunde hori. Gazako Gobernuaren komunikatu ofizialaren arabera, "irin-zakuen barruan pilula horiek aurkitu zituzten herritarren lau testigantza dokumentatu" dituzte, eta posible da "substantzia narkotiko horietako batzuk irinean bertan ehotu edo disolbatu" izana. Mendekotasun handiko farmakoa da oxikodona, min larriko kasuetan bakarrik preskribatuta dagoena, eta ustekabean hartzeak arazo larriak eragin ditzake, bertako medikuek ohartarazi dutenez.
Gazako Gobernuaren Hedabideen Bulegoak Israelgo Estatuari egotzi dio krimen lazgarri horren erantzukizuna, Palestinako ehun sozialaren mendekotasuna eta suntsiketa hedatzea izango lukeena helburu, eta substantzia horiek "laguntza humanitario" gisa sartu ahal izateko sionistek egindako blokeo-mugimenduak salatu ditu.
Omar Hamad botikariak esan du genozidio modurik arbuiagarriena dela aurkitutakoa, eta Khalil Mazen Abu Nada doktoreak, berriz, "gure kontzientzia soziala ezabatzeko bitarteko" gisa deskribatu du Middle East Eye-n. Pilulen irudiak sare sozialetan zabaldu dira, eta alarma sortu dute.
Asier Genua familia-medikuak X sare sozialean ohartarazi duenez, oxikodonak arnasketa-depresioa, kontzientzia-alterazioak eta adikzio larria eragin ditzake. "Medikuntza gerra kimikoaren eta genozidioaren mesedetan jartzearen adibide lazgarria", salatu du.
GHF 2025eko maiatzean sortu zuten eta, AEBetako eta Israelgo Estatuko militar ohiek eta kontratista pribatuek kudeatzen dute. Nazioarteko erakundeek eta GKEek kritikatu egin dute gardentasun faltagatik, laguntza humanitarioaren militarizazioagatik eta biztanleria zibilarentzako dituen arriskuengatik. 500 palestinar baino gehiago erail eta milaka zauritu dituzte azken hilabetean GHFren banaketa-zentroen inguruan.