argia.eus
INPRIMATU
Ontzidian doazenak “terroristatzat” hartu ditu Israelek eta mehatxu egin du: “Ez dira atxiloketa arinak izango”
  • Israelgo Gobernuaren esanetan, bere subiranotasunaren aurka eta Hamasen alde dago Global Sumud Flotilla egitasmoa. Hortaz, esku hartze gogorrak iragarri ditu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 02a
Itamar Ben-Gvir ministroa. Wikimedia Commons

Israelgo Segurtasun Nazionalerako Itamar Ben-Gvir ministroaren deiari erantzunez, urgentziaz batzartu dira igandean Israelgo Gobernuko hainbat ministro, tartean Benjamin Netanyahu, The Jerusalem Post egunkariak jakinarazi duenez. Global Sumud Flotilla ontzidia abiatzear zen Bartzelonatik, 30 itsasontzi eta 300 bat ekintzailerekin, eta horren aurrean zer egin eztabaidatu behar zuten ministro sionistek. Igandean, azkenean, ontzidiko kideek atzera Bartzelonara itzulia egin badute ere, eguraldi txarra tarteko, berriz ere abiatzekotan dira.

Ben-Gvir ministroaren hitzak jaso ditu aipaturiko egunkari israeldarrak: "Giza laguntza eramateko eta antzerako asmo humanitarioak dituztela esaten badute ere, argi dago Israelen subiranotasunaren aurkako atentatua egitekotan direla, eta era berean, Hamasen alde posizionatu direla". Israelek, horregatik, bere "segurtasun nazionala bermatzeko" betebeharra duela dio ministroak. 

"Terrorismoa babesten eta bultzatzen dutelako", ministroaren esanetan, "legediaren arabera", terroristatzat hartuko dira ontzidiaren parte diren aktibistak. Iradoki du ez liratekeela "atxilotze normalak" izango, baizik eta "denboran luzatuak", eta espetxean ere gisa horretako tratua jasoko luketela. Are, terroristentzat propio eraikitako Ketziot eta Damon espetxeetara eramango lituzketela jakinarazi du. "Mezu argia inposatuko dugu: terrorismoa babestea ez dugu toleratzen. Atxilotuek euren ekintzen ondorio guztiak jasango dituzte".