Europako hainbat unibertsitatetan ikasleek abiatutako dinamikarekin bat egin du IAk, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.
Gazara bidean da Global Sumud Flotilla, palestinarrei laguntza humanitarioa eman ahal izateko korridore bat irekitzeko eta sionisten blokeoa hausteko prest. Nazioartean elkartasun-uholdea jasotzen ari da ontzidia, besteak beste, unibertsitateetako ikasle-mugimenduen partetik: Europa osoan zabaltzen ari dira deialdi bat, Global Sumud Flotilla nolabait galarazten badute, unibertsitateak hartzeko eta blokeatzeko konpromisoa erakutsiz.
Euskal Herrian, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak egin du bat deialdiarekin. Global Sumud Flotillak drone bidezko eraso bat jasan eta biharamunean, aldarri argi bat zabaldu du IAk: "Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu". "Israelgo Estatu terroristari eta genozidioaren konplize guztiei aurre egitera" deitu du berriz ere, hurrengo deialdietara adi egoteko eskatzearekin batera.