argia.eus
INPRIMATU
On.eus ataria sortu dute Ipar Euskal Herriko eragileek, euskararekin laguntzeko
  • "Ez da izango hainbeste iritziz beteriko webgunea, laguntzarako baliabideen bilduma baizik", azaldu digu Arantza Egigurenek, On.eus webgunearen arduradunetako batek. Astearte goizean aurkeztu dute Baiona Ttipian, On! sorgunean. Erabiltzaileak lau multzotan banatu dituzte, eta bakoitzari egokitutako edukiak bildu, euskararekin duten harremana sendotzeko baliagarriak izango zaizkielakoan. "Gure helburua da coaching lingustikoa egitea", dio.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko irailaren 16a
Besteak beste, haur euskaldunak dituzten gurasoentzako baliabideak eskaintzen ditu On.eus webguneak.

Lau multzoak hauek dira: haur euskaldunen gurasoak, euskara ikasten ari diren helduak, euskaraz bizi nahi dutenak eta euskararekiko interesa duten erdaldunak.

Gurasoek, adibidez, zalantza izan dezakete etxeko-lanekin nola lagundu; bada, webgunean hainbat gomendio daude jasota. Euskaraz ikasten ari direnentzako hiztegiak daude, idatzizkoak zein ahozkoak; euskaraz bizi nahi duten herritarrentzat baliabideak eskainiko ditu (kultur ekitaldiak, hitzaldiak...); euskara deskubritu nahi dutenek ere txoko berezia dute... "Webgunean uztartu ditugu, batetik, parte hartu duten eragileek sortuak izan diren artikuluak; eta, bestetik, leku berean bildu ditugu Interneten zeuden baliabideak, izan marrazki bizidun, film, disko, joko, podcast... jendeari errazago egiteko horiek aurkitzea", esan digu Egigurenek. Webgunea Ipar Euskal Herriko erabiltzaileei dago zuzenduta batez ere, baina Euskal Herri osora begira dagoela gaineratu du.

Erabiltzaile bakoitzak, gainera, mapa batean zehaztu ahal izango ditu bere herria eta adina, "dispositibo edota eragile zehatzak errazago topatzeko", Egigurenek azaldu digunez. "Norberaren beharrak desberdinak dira testuinguruaren arabera –herria, eskola, familia...–, desberdinak dira Uztaritzeko eta Mauleko herritarraren behar eta interesak, eta saiatu gara ez orokortzen".

Webgunearen helburuetako bat da "euskararen errealitatea zein den ezagutarazi eta horri buelta ematen saiatzea", baina "dramatizatu gabe, positibotik helduta baizik, umoretik askotan", Egigurenen hitzetan.

51 kolektibo eta norbanako

Parte hartu duten 51 eragileen artean daude, besteak beste, Plazara, Jakinola, Seaska, Ikas Bi, Bai Euskarari eta Euskal Haziak. Sustengua eman duten instituzio publikoak, bestalde, EEP, Hirigune Elkargoa, EKE, Akitania Berria eskualdea eta Europako Kontseilua dira. "Tresna hau da ON! Piztu euskara(z) elkartea eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza baten emaitza", irakurri daiteke webgunearen azalean.

Oraingoz eragileok sareratutako artikuluak aurki daitezke webgunean, 35 bat orotara, baina aurki kronikagile berrien (Kike Amonarriz, Maddi Kintana, Ainize Madariaga...) testuak ere bilduko ditu. Baita eduki gehiago ere, euskarazko museoa eta ibilbide turistikoen zerrenda, adibidez, Ipar Euskal Herrira doazen Hegoaldeko ikastetxeentzat lagungarri.

Bost urteko lanaren fruitua

Webgunearen abiapuntua duela bost urte koka dezakegu, Eneko Gorri Mintzalasai euskara elkarteko kide eta Miarritzeko euskara teknikariak Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria irabazi ostean, Ongi etorri. Euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa proposamenarekin. Ondorengo urteetan hainbat gogoeta-saio egin zituzten euskalgintzako eragileek, ideiak bateratu eta webgunea diseinatzeko. Europako FEDER funtsetako eta EEPren dirulaguntzek eman zioten azken bultzada ekonomikoa proiektuari.