argia.eus
INPRIMATU
Ondo ereindako uzta
Uxue Gutierrez Lorenzo 2025eko maiatzaren 09a
Luis Eceiza Barrena

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu zenbait kontu, eta gizakiak laguntzen die hainbat landareri hazten eta loratzen. Zaintza egokia denean eta beharrezko denbora hartzen duenean –eta zorte pixka batekin– uzta jasotzen du laborariak; uzta ona.

Gaurkoan, doinuek eta hitzek osatzen dute uzta; denbora luzean ureztatu eta elikatutako kantuek. Uzta jaia izenburupean, hainbat musikari bildu dira Bilborock-en. Ez edonolako musikariak, ez edozein estilo, ez edozein publiko. Rap doinuek hartu dute behinola eliza izan zen eraikin magikoa. Tentuz aukeratutako kartel buru eta gonbidatuak, eta haria argi hasieratik: ereindako uzta jasotzeko eguna da gaur.

Sarreran, eskumuturrean zigilua jartzearekin batera, gutunazal txiki bat eman digute. Barruan, haziak eta kolore biziz hornitutako pegatinatxo bat. Uzta diskoaren azal koloretsua da itsasgarria, Itzar marrazkiak-ek egina. Detailetxoa ondo gordeta sartu gara aretoan. Dagoeneko lehen musikaria oholtza gainean dago, BRN gasteiztarra. Aletu ditu kantu indartsuak musikari gazteak, eta ordu erdiz gelditu gabe aritu da kantu indartsuak eta rap sarkorra josten.

Giroa zertxobait epelduta, gaueko bigarren kontzertua hasi da: Auzoko. Mikel del Barrio, delba, txikitatik ezagutzen dugunontzat. Urduri eta, akaso, zertxobait hunkituta ere hartu du hitza. Jon Mujika ‘Muji’ izan du alboan uneoro, eta bizkarrak gordetzen, Saim Mendi. Harilkatu ditu Zoroen Kluba kolektiboaren izenean aurrez aurkeztu zituen zenbait kantu, kolaborazio ugari eta gaur aurkeztera datorren Uzta diskoko abesti berriak. Bata bestearen atzetik igo dira oholtzara landa lanean lankide izan dituen guzti guztiak: Raperu, Ziztada, ØDEI, Monsieur LeCrepe, Blesz… eta kontzertuaren bigarren zatian bere kabuz jardun du. Publikoarekin bat eginda, pozik eta gogotsu, egindako lanaren fruituak jasotzen.

Konturatu orduko joan da ordubeteko saioa, eta oholtza behetik segitu du Auzoko-k antolatutako saioa. Goizegi Hiltzeko aurkeztu berritan, ØDEI igo da oholtzara. Ahoan bilorik gabe jardun da kantuan eta abestien arteko hitzartzeetan. Besteren artean, bazterretik aritzeaz, galeren minez, oholtzan bakarka aritzeaz eta musikaren industria krudelaz mintzatu da musikaria. Esango nuke, tentuz entzuteko musika egiten duela Odeik. Bere istorioa ere kontatzen digu, adi entzuten baldin badakigu. Terapia eta Goizegi Hiltzeko diskoetako kantuak tartekatuta, barrenak astintzeko moduko ordubeteko saioa egin du.

Rap dantzagarriagoak hartu du ostean oholtza: DJ PATAxMonsieur leCrepexMuxker aritu dira giroa epeltzen. Bilketa bukatu da horrela, azken alea.

2025eko udaberriko uzta oparoa izan da. Orain, beste herri eta oholtza batzuk astinduko dituzte raplari gazteek. Aurten rap doinuak ere aletu baititu euskal musika eszenak.