argia.eus
INPRIMATU
Kultur Ola zabaldu dute Orbaitzetan, ondarea, natura eta sorkuntza batzeko
  • Garai batean Arma Ola zena, Kultur Ola bilakatu dute Aezkoa ibarrean. Larunbatean egin zuten irekiera ekitaldia.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 20a
Jende ugari bildu zen Orbaitzetan. (Argazkia: Gonzalo Santoma / @KulturOla|tik hartua)

Orbaitzetan, Aezkoa ibarrean, armak ekoizten ziren eraikina kultur ekimenak jasoko dituen jauregia bilakatu da herritarren ekimenez, Aezkoako Batzarre Nagusiak bultzatuta eta Iratiko Lau Ibarrak –Aezkoa, Zaraitzu, Garazi eta Zuberoa– atxikita.

Patxi Gaztelumendi bultzatzaileetako bat izan da, eta Irati Irratiari esan zion gisa, helburua "errota funtzioa" izatea da: "Errota bat izango da, mugituko duena bai sorkuntza, bai kultura, bai ondarea... Erakutsi eta eraldatu, herriaren zerbitzura".

Iratiko oihanaren sarreran dagoen jauregia lau solairuz osatuta dago: behean du harrera gunea, aterpe ere badena mendian dabilenentzat, kafetegiarekin; eta goiko hiru solairuetan, bi erakusketa daude ikusgai. Batean, Arma Ola zenaren jarduna jendarteratu dute, hiru dimentsioetako formatua emanda; eta bestean, Iratiko basoko lanei buruzko erakusketa dago, besteak beste, garai batean egurra nola lantzen eta ekartzen zuten azaltzeko, teilekin egiten zuten lana, historia eta hainbat istorio. Azken solairuan, kultur ekimenek izango dute plaza.

Asteartetik igandera egongo da irekita, 10:00etatik 17:00etara.

Irekiera ekitaldia, joan den larunbatean

Paul Urkijo eta Nerea Torrijos Irati pelikulako kideek hartu zuten parte Kultur Olaren irekiera ekitaldian. Horrez gain, Basolatik berri onik ez komiki-liburua aurkeztu zuten Asiko Urmeneta, Joseba Larretxeak eta Dani Fanok, eta jarraitzeko, kantariak, Peio eta Ihidoi bikotea, eta Petti izan ziren oholtzan. Ondare historikoaz hitz egiteko, berriz, Javier Goicoa eta Jesus Mari Larrañeta aritu ziren.

Jende ugari bildu zen Orbaitzetan. (Argazkia: @gonzalosantoma / @KulturOla|tik hartua)
Dani Fano, Joseba Larretxea eta Asisko Urmeneta, komikia aurkezten. (Argazkia: @gonzalosantoma / @KulturOla|tik hartua)