argia.eus
INPRIMATU
Omnia sunt communia!
  • XVI. mendeko anabaptisten lema aintzat hartu du epaimahaiak: dena denentzat. Eztabaida luze eta aspergarria izan genezake hartutako erabakiaz, baina demokratikoa izan denik ezin uka. Hainbeste, ia inor ez dela geratu saririk gabe.

2010ko irailaren 27a
Neds

Peter Mullanen Nedsentzat urrezko maskorra: irudi du Paskaljevicek eta konpainiak zaku batean film guztien izenak sartu eta bat atera dutela. Neds? Ba, Neds. Nahiz eta ezer berezirik ez dakarren film soziala den, bat gehiago; nahiz eta metraje erditik aurrera erabat galtzen den.

Justuagoa da film horregatik Conor McCarronek irabazi duen zilarra; baita Pa negre ekoizpen kataluniarreko lanarengatik Nora Navasek eskuratutako emakumezko aktore onenaren saria ere. Raul Ruizen zuzendari onenaren sariaz zer esan: gaiztoegia dateke oharra, baina baten batek pentsa lezake txiletarraren minbiziak eragin duela sariztatzea; hobe maskor bat garaiz, omenaldiak berandu eta gaizki antolatzea baino.

Sari txikiak ere, bakoitza etxe banatara: Herrialde Katalanak, Maroko, Norvegia... Ikusleak hotz samar utzi dituen Sail Ofizialarentzat hau zen, apika, palmares posible bakarra. Eta paradoxikoa da: gehien konbentzitu nauen filma, Gilles Paquet-Brennerren Elle s'appelait Sarah, ezer gabe geratu da. Lehiaketaz kanpo zegoelako. Bestela...

[Donostiako Zinemaldiari buruzko artikulu gehiago: www.argia.eus/zinemaldia-2010]