argia.eus
INPRIMATU
Omenaldi jendetsua egin diote Periko Solabarriari
  • Milatik gora pertsonak eman diote azken agurra Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoari. Barakaldoko Herriko Plaza goraino beteta, haren errautsak eta hain berea zuen txapela igo dituzte agertokira. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 29a
Mila pertsonatik gorak eman diote azken agurra Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoari (aragzkia: flickr Txeng Meng)

85 urteetan Solabarriak egindako lan eta borroka goraipatu dituzte omenaldian elkartutako pertsona eta taldeek. Zapalkuntza mota guztien aurrean tinko borrokatu izana eskertu diote Solabarriari.

Dantzari, musikari eta bertsolariak beren tartea izan dute oholtza gainean, eta ondoren, omenaldian bildutako jendetzak hainbat borroka abesti kantatu ditu: Martxa baten lehen notak, Eusko Gudariak, Internazionala edota Santa Barbara Bendita mehatzarien borroka abestia kantatuz agurtu dute Periko, ukabilak goian.

Ekitaldian, bere alaba Enara Solabarriak hitza hartu du, hunkituta: “Asko dira umezurtz gelditu direnak: umezurtz gelditu da pobreziaren kontrako borroka, herrien autodeterminazio eta independentziarako mugimendua, gazteak, langabetuak, presoak, sindikatuak, alderdi politikoak, emakumeen eskubideen aldeko mugimendua, animalienganako tratu txarren kontrako elkartea, kaleratzeen kontra dihardutenak, barakaldotarrak, lutxanatarrak...”.

Bukatzeko, Periko Solabarriak berak Barakaldon jasotako azken omenaldian botatako hitzak gogorarazi ditu Enara Solabarriak: “Abestuz itxoiten diot heriotzari, abestuz borrokatzen dut bizitzan. Badira espetxeen gainean, guduen erdian, abesten duten urretxindorrak. Adiorik ez, lagunak. Bizitza polita izan dezazuela”.

Ondorengo argazkia, Meatzaldean eta Ezkerraldean urteetan Periko Solabarriaren lagun eta borroka-bidaide izan zen Juan Mari Arregik bidali dio ARGIAri, Javier Sanchez Erauskin kazetariak ateratakoa da. Solabarriaren seme-alabek bere errautsak, txapela eta poltsa eraman dituzte omenaldian:

Argazki gehiago (Flickr - Txeng Meng CC):