Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde –orotara 11.000 behi dituzte jomugan–.
Behi tuberkulosiaren garapenari begira Pirinio Atlantikoko prefekturak finkaturiko protokolo "gogorra" salatzeko ekintza burutu du ELB sindikatuak ostegun honetan, Biarnoko Confederation Paysanne ere ondoan zuela. Ehun bat laborarik bat egin dute ekintzarako deiarekin eta Oloroe-Donamariko (Biarno) suprefetura okupatu dute.
Tuberkulosia kasuak agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguruko 24 herritako laborariak; hau da, 280 etxalde –orotara 11.000 behi dituztelarik jomugan–.
Eritasunaren zabalpena oztopatzeko asmoz finkaturiko neurriek etxaldeen egoera "are zailago bihurtuko" dutela diote mobilizaturiko laborariek. Egoerari erantzuteko asmoz, ELBk azken hilabeteetan luzaturiko proposamenak kontuan hartu ez izana salatu badute ere, "elkarlanean" aritzeko irekidurarekin segitzen dutela argitu nahi izan dute. Okupaziotik, zuzenean hitzordu bat galdetu diote prefeturari.
Zuberoako hainbat etxaldeetan agertu dira tuberkolosia kasuak, eta badu hilabeteak administrazioaren eta laborarien arteko soka-tira minberatsua abian dutela, eritasunaren garapena oztopatzeko neurri jasankorrak lortzeko asmoz.
Neurri berriak finkatzen dituen ordenantza izenpetu zuen martxoaren 17an departamenduko prefetak, baina harturiko norabidea begi txarrez ikusten dute ELB eta Confederation Paysanne sindikatuek. Babes neurri gogorregiak direla diote, laborarientzako kostu ekonomiko eta emozional handia ondorioztatzen dietenak. Nagusiki, berriz ere profilaxia egin beharra ez dute onartzen: "Kostu gehigarria dakar eta administrazio-presio jasanezinak".
Horrez gain, behiek ezingo dute kanpoan egon –eta nahi izanez gero, biosegurtasun neurri zorrotzak gauzatzeaz gain, berriz ere eritasuna detektatzeko testa egin beharko diete kabalei–. Horrela, beste behin ere administrazioko zerbitzuek laborantza herrikoia eta iraunkorra jomugan hartzen dutela salatzen du ELBk. Azkenik, biosegurtasun neurri horiekin Frantziako Estatua eta bere zerbitzuak "errealitatetik erabat deskonektatuak" direla diote laborariek, hain zuzen, horien gauzapena "ezinezkoa" zaielako.
Kasu positibo bat agertuz gero, kabala guztien hilketaren mamua beti hor dute, gainera. Ondokoa adierazi zion otsailean Ici irratiari Mitikilen (Zuberoa) laborari den Laura Etchebarnek: "Azaroko profilaxian, gure hiru abereek positibo eman zuten proban. Eta horrek gure artaldearen hiltze erabatekoa eragiten du. Mazo kolpe handi bat da, biziki bortitza zaigu, inolako sintomarik ez duten behiak direlako, proba negatiboak dituztenak eta osasun onean direnak. Nekez onartu dezakegu hori". Azkenean, hilketa masiboak baztertzeko erabakia hartu bazuen ere Pirinio Atlantikoetako prefetak otsailean, mehatxua beti hor da.
Gainera, orain arteko testaren fidagarritasuna "apala" dela deitoratu izan du behin baino gehiagotan ELBk, "positibo-faltsuak" direlako "positibo" agerturiko gehienak: hil ondoren berriz testa egin eta kabala osasun onean zegoela agertzen da. Funtsean, hori ohartarazi zuen Frantziako Legebiltzarretik Iñaki Echaniz diputatu sozialistak ere martxoan: "Hildako animalien %5 baino gutiago dira kutsatuak, horrek erran nahi du hildakoen %95 sanoak zirela".
Proben fidagarritasuna azkartzeko asmoz, ikerketa zientifikoan zentratzeko eta inbertitzeko eskaera luzatu diete estatuaren zerbitzuei okupazioan egondako laborariek. Gainera, jakinda eritasun hori animalia basen bidez zabaltzen dela azkarki, ELBk dio laborarien kabalak eta basa piztiak banatzeko neurriak garatu behar direla.