argia.eus
INPRIMATU
Nor dira Hego Euskal Herriko oligarkak?
  • Espainiako Estatuko 70 oligarka handiren zerrenda argitaratu dute Eslabones Perdidos del Sistema blogean. Horietatik zortzi Hego Euskal Herrikoak dira. "Sarri frankismoaren babesean eta pribilegioen bidez lortutako diruari esker" aberastu direla diote. Bertako informazioa ekarri dugu hona.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko ekainaren 04a
Santiago Ybarra Churruca Vocentoko presidentea ezkerrean, Espainiako Erregearekin.

Antonio Catalán. Corellan jaioa, AC Hotels katearen akzionista nagusia da. Enpresak 90 hotel baino gehiago ditu egun eta 400 milioi euroko balioa du. Spanish Wine Food edo Disfrutalia enpresetan ere parte hartzen du, besteak beste.

Juan Félix Huarte. Félix Huarte zuen aitona, enpresari nafar prestigiotsuenetakoa, eta haren herentzia kudeatzen du. Uriel Inversiones SA holding-a kontrolatzen du eta bioetanol planta baten jabe da (Accionarekin batera) Ciudad Realen (Espainia).

Bergareche familia. Vocento komunikazio taldearekin dute lotura. Jose Maria Bergareche taldeko lehendakariordea da eta Santiago Bergareche administrazio kontseiluan dago (kapitalaren %8aren jabe dira, guztira 55 milioi euro). Azken hau, gainera, Cepsa-ko presidente ez exekutiboa ere bada.

Jaime Castellanos Borrego. Botin familiarekin du lotura. Emilio Botinen koinatua da, Recoletos komunikazio taldeko lehendakaria izan zen eta gaur egun Vocento taldearen %4,4 kontrolatzen du. Horrez gain, Lazard negozio banketxeko Espainiako presidentea da eta Accionan kontseilari.

Loizaga familia. Mercapital arrisku-kapital elkarteko jabe dira eta horren bidez 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dituzte hainbat sektoretan.

Jorge Manuel Sendagorta Gomendio. Neguri klana izendatutakoaren parte izan zen eta duela 20 urtetik, aitak sortutako Sener enpresa zuzentzen du.

Santiago Ybarra Churruca eta Ybarratarrak. Emilio Ybarraren anaia da Santiago eta %11ko parte-hartzea du Vocento taldean. El Correo (Vocento) taldearen jabe da Ybarra familia.

Zardoya familia. Igogailuen negozioa sortu zuten eta 1974an Schneider Otis multinazionalarekin fusionatu ziren. Gaur egun, familiak akzioen %10,9 kontrolatzen du, Euro Syns-en bidez.

Hego Euskal Herritik kanpo, Espainiako Osborne familia, José Luis Sánchez Domínguez, Amando Julio Rodríguez, Domingo Díaz de Mera, García Baquero familia, Bernat familia, Costafreda familia, Folch Rusiñol familia, Font Fabregótarrak, Antonio Portabella, Uriach familia, Calvo Pumpidotarrak, Joaquín Martínez López eta beste hainbaten ondasunak aztertzen ditu blogak.