Olentzeroren lan zaila

  • Horra, horra…

    Ondo asko idatzita dator Eta hemendik aurrera zer? agiri mardula, Euskararen Aholku Batzordeak eta EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatuta. Pasarte gogoangarriak ere ez zaizkio falta.


2017ko urtarrilaren 03an - 11:40

 

Adibidez: 

Hasiera beretik esanda gera bedi dokumentu honen helburua dela euskararen hazkundearen iraunkortasuna eta bizi-indarra ahalbidetzeko datozen bi hamarraldietan garatu beharreko hizkuntza politikaren oinarriak eta lehentasunen markoa finkatzea”.

Edota: 

Euskara salbatuko da, eta hizkuntza bizia izango da, euskaldunok hala nahi dugulako, euskaldunok euskara nahi eta behar dugulako. Horrek ematen dizkio zilegitasuna eta hauspoa euskara salbatzeko jardunari… Horra gako nagusiak”.

Beste hau ere bikaina da:

Euskararekiko motibazioan eragiteko, garrantzitsua da erreferenteak izatea … Horretan garrantzitsua izango da, beraz, hainbat eragile eta esparrutan eragitea: familia, aisialdia, gazte elkarte eta taldeak, hedabideak, IKT, kultur sorkuntza… Jakina denez, motibazioa sustatzeko bideetan garrantzi handikoa da euskaraz sortu eta egindako kultura produkzioa… Betiere, gazteak lehenetsiz, etorkizuneko gizartean modu bateko edo besteko lidergoa izango dutenak alegia”.

Entendimenduz jantzia…

Hainbeste eragile garrantzitsu biltzen dituen batzordearen eta EAEko gobernuaren beraren babesa lagun, etxeko gazteentzat Gabonetako opariak erostera abiatu ginen Mari Domingi eta Olentzero, ustez, aurten bai, euskaraz sortu eta egindako edo sikiera euskarara itzulitako kultura produkzioa, orain arte baino askoz oparoagoa, ugariagoa eta pluralagoa izango zela.

Izerdiak bota ditugu, batean eta bestean arakatu eta miatu.

Olaberriako Carrefourrera abiatu ginen berbarako, pentsatuz, Goierri eskualde euskaldunean kokatutako saltoki erraldoi horretan, euskarazko produktuen eskaintza ere erraldoia behar zuela… Baina ez.

Erraldoia, espainolezko eskaintza da Goierriko Carrefourren. Euskarazkoa ere badago, baina oso urria “gure” derrigorrezko hizkuntzarenaren aldean.

Donostiako FNACen ere aritu ginen bilaketan… baina euskararen Donostia ez da FNACen oso barrura sartu oraindik. Euskarazko eskaintza barregarria da bertan, graziarik ez badauka ere.

Gasteizko Elkarrera jo genuen azkenik, pentsatuz bertan aurkituko genituela euskarazko altxor askotarikoak. Baina Elkarren ere, aurreko bietan baino askoz eskaintza oparoagoa izan arren, dagoena dago. Euskarazko eskaintza ipotxa baita espainolezkoaren aldean (Iparraldean frantsesarekin gertatu bezala). Baita bertoko ekoizpenari erreparatuta ere.

Kapoiak ere baditu…

Etsigarria da sukaldaritza, mendia, edo perretxikoak bezain “gureak” diren gaiak eskaintzen dituzten ataletara hurbiltzea. Sukaldaritzaren erakustokira hurbildu eta dozenaka-asko liburu aurki daitezke espainolez, horietako asko eta asko goi-mailako sukaldari euskaldunek idatziak. Beste horrenbeste mendiari gagozkiolarik, edo perretxikoei…

Batez ere gazteen artean, baina gero eta gehiago adin guztietan hain arrakasta handia duten Komikiekin ere berdin.

Areago, beste sail batzuetan, nekez aurki daiteke euskarazko alerik.

Eskaintzaren urria gutxi balitz, sarritan nahastuta ageri dira erdarazko eta euskarazko aleak, eta azken horiek ia ikusezin bilakatzen dira. Berdintasunaren ala birrintasunaren izenean ote?

Alaitu zaitezte?

Modu eraikitzailean aurkeztu behar ei dira arazoak ere, esan ohi denez, baina hain da esanguratsua eta lotsagarria, eta hain luze irauten du auzi honek denboran, ze, ez baitzait bururatzen nola egin baikortasun apur batez amaitzeko.

Zeren gure erakunde eta batzordeetako adituak arazo honetaz jakitun badira (aditu baldin badira, behintzat), baina ezer zehatzik ez dute proposatzen; eta erakundeek sustatutako ekimenak hain dira ahulak, itxurakeriaren antza dutela beste edozerena bainoago. Ez baita diru arazoa, duintasun, borondate eta ausardia kontua baizik.

Eguberri on!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude