argia.eus
INPRIMATU
Olatz Vázquez argazkilaria hil da, minbiziaren tabuari sare sozialetan urtebetez aurre egin ostean
  • 27 urteko kazetari eta argazkilari bizkaitarrak gaixotasunaren eguneroko errealitatea azaldu du urtebetez sare sozialen bitartez.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 03a
Argazkia: @OlatzVazquez

Olatz Vázquez 27 urteko kazetari eta argazkilari bizkaitarra hil da, urtebetez minbiziari aurre egin ondoren. Gaixotasuna atzeman ziotenetik, bere bidea sare sozialetan partekatu du, minbiziaren tabua hausteko.

Azken lau asteetan ospitaleratuta egon ondoren, “pisua, itxura eta independentzia” galdu zuela azaldu zuela Vázquezek, jada ez zela “lehengo Olatz”. Baina positibo mantendu izan da zailtasunei aurre egiteko. 

Sare sozialetan tratamenduekin jasan dituenak kontatu izan ditu kazetariak, eta ospitaleratuta egoteak izan ditzakeen albo kalteez ere jardun du: dependentzia ekonomikoa, norbere gorputza onartzeko borroka, eta horri guztiari nola aurre egin.

Hainbat hedabidetan ere eman izan ditu testigantzak. SER kateko Carne Cruda programan koronabirusaren egoerak nola eragin dion azaldu zion Elena Gómez kazetariari. Atzeman eman ziotenera arte, denbora asko igaro zen, eta ordurako, laugarren fasean zegon gaixotasuna. “Covid-19a bertan dago, baina minbizia ere bai, eta aurretiko diagnostiko bat da tratamendu onena”.