argia.eus
INPRIMATU
Olatu erraldoia Donostian, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko
  • Milaka pertsonak babestu du Orain Presoak dinamikak antolaturiko “inoizko manifestazio pluralena”, euskal presoen kartzelaratze auziari konponbidea ematea eskatzeko.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 22a
Donostiako manifestazioa kontxako pasealekuan. Argazkia:@larbelaitz

40.000 herritar inguru bildu dira Orain Presoak dinamikak Donostian antolaturiko mobilizazioan, presoen eta ahaideen sufrimenduaz behin-betikoz amaitu eta elkarbizitzarako bidea sendotzea helburu.

Manifestazioaren eragileen artean, euskal alderdi politiko nagusiak, sindikatu ugari eta euskal gizarte zein kulturako erreferentziak izan ziren: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EH Bai, EELV, ELA, LAB, CCOO, UGT, Foro Soziala, Bake Bidea, Sare, Etxerat, Gure Esku Dago besteak beste.

Espetxe auziari konponbidea ematen hasteko Espainiako Gobernuari egindako “premiazko” eskakizunak, urrunketa politikarekin amaitu, larri gaixorik diren presoak etxeratu, lehen graduaren iraunkortzea eten eta gradu aldaketak ahalbidetzea direla adierazi dute Orain Presoak dinamikatik.

Estrasburgora begira

Indarrik gabe geratu daiteke euskal presoen kondenak luzatzeko Espainiako Gobernuak erabili duen azken trikimailua. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak presoek Frantziako espetxeetan igaro dituzten urteak kondenaren parte kontatzea edo ez erabakiko du astearte honetan. Ebazpenak hamar euskal presoren askatasuna eta beste horrenbesteren espetxe zigorrak txikitzea eragin dezake.

Jarraian Ekinklik-ek larunbateko manifestazioan ateratako argazkiak: