argia.eus
INPRIMATU
Epaileari okzitanieraz egitea eta isilik geratzea, gauza bera dira Legearentzat
  • Myriam Dasté
    Myriam Dasté

    Myriam Dasté epaileak bere helbidea emateko eskatu zionean, Libertat erakundeko militante Julien Bordenavek okzitanieraz erantzun zion, "ama hizkuntzan" aritzeko eskubideari helduta. Inputatuaren azalpenak "isiltasun" gisa interpretatuko zituela esan zuen orduan epaileak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko urriaren 28a
Epaitegi atarian Bordenaveren alde egindako ekintza (Argazkia: Nicolas Sabathier / La République des Pyrénées)

Tor deu Borréu-ren aurkako polizia operazioan atxilotua

Ekainaren 21ean Pabeko Tor de Borrèu lokal autogestionatuaren kanpoaldean izandako gertaerengatik inputatu dute 26 urteko Bordenave.

Lekukoen arabera, hainbat talde bildu zuen kontzertua amaitzear zela, poliziak frontoira sartu eta, "inolako arrazoirik gabe", gas negar eragilea jaurti eta jendeari joka hasi ziren.

Bertan zeuden herritarrek erasoari erantzun eta poliziak "are gogorrago" tematu ziren. Liskarrak Pabeko Hedas auzo osora zabaldu eta lau lagun atxilotu zituzten. Kontzertua antolatu izanagatik inputatu dute Bordenave.

Poliziaren erasoari buruzko informazioa frantsesez eta gaztelaniaz.

"Poliziari frantsesez zuzendu bazitzaion, epaileari zegartik ez?"

Urriaren 17an hasi zen gertakari horien inguruko epaiketa. Bordenavek lehendabiziko galderari okzitanieraz erantzun zionean, itzultzaile baten beharrik ba ote zegoen aztertu zuten epaile eta abokatuek.

Jujeak ezetz erabaki zuen, inputatua gai delako frantsesez zuzen mintzatzeko, poliziak egindako galdeketetan argi geratu zen moduan. "Tribunalak ulertzen ez duen hizkuntzan aritzea erabakiz gero", Bordenaveren azalpenak "isiltasunaren" parekoak izango zirela adierazi zuen Dasté epaileak, Bruno Robaly kazetariak La République des Pyrénées egunkarian argitaratu duenez.

La République des Pyrénées
La République des Pyrénées
La République des Pyrénées

Epaileari erantzunez, Bordenaveren abokatu Jean-François Blancok adierazi zuen bere bezeroak eskubidea duela okzitanieraz mintzatzeko, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna ardatz. Abokatuak nabarmendu zuen epailearen moduko erabakien eraginez hiltzera kondenatzen dela okzitaniera, "berdin korsikera, bretoia edo euskara".

Blancok prozesua bertan behera uzteko eskatu arren, jujeak bereari eutsi eta epaiketak itzultzailerik gabe egin du aurrera. Abenduaren 19an emango du ebazpenaren berri.

Informazio gehiago:

La Tor deu Borréu - Libertat komunitatea Facebooken. Han aurkitu dugu ekainaren 21eko kontzertuaren argazki hau.