Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen deuseztapena dakar, besteak beste.
Legeek etxebizitzen okupazioari dagokion auzibidea nabarmenki eraldatuko dute. Moldaketak azaroaren 14an EAJk egindako emendakin batekin eztabaidatu ziren, eta PP, UPN, CC, ERC, Junts eta EH Bilduren aldeko botoak izan zituen. EH Bilduk ondoren barkamena eskatu zuen, aldeko botoka eman izana "hutsegitea" izan zela adierazita. "Mezu honekin ez dugu gure akatsa justifikatu edo desenkusatu nahi, baizik eta urte hauetan guztietan etxebizitzaren arloan defendatutakoarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu", adierazi zuten. Legea Espainiako Senatura iritsi zenean, PPk betoa ezarri zuen; azkenean kongresuak Podemos, Sumar eta PSOEren baiezkoekin blokeoa gainditu zuen.
Legearen nondik norakoak
Ostegunetik aurrera etxebizitza bat "usurpatua" izan dela edo bertara sartzeko "bortxa" erabili dela uste bada, azkarrago artatuko da auzia eta, beraz, gehienez hamabost egunetara ezarriko da epaia –epaileak beharrezko dokumentazio guztia eskuratzen duenetik izango dira baliozkoak egunak–. Hala ere, bi aldeek auzibidera joan aurretik negoziaketa bat abiatu beharko dute, bide judizialetik kanpo irtenbidea aurkitzeko asmoz.
Umeak dituzten langile familien kasuan, Parekotasunari buruzko Legea indartuko da. Orain, hamabi urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi egokitua eskatzen duten edo lanaldi hori baliatzen ari diren langileen kaleratzeak deuseztatuko dira. Halaber, enpresen ez-ordaintze sistematikoak saihesten saiatzeko sistema bat ere ezartzen du beharginentzat. Urte berean hamabost egunetik gorako atzerapenak edo hiru ez-ordaintze jasaten dituzten beharginek lanpostua utzi eta kalte-ordaina jaso ahal izango dute, Gedarrek jaso duenez.
Pisu turistikoei dagokienez, haien erregulazioa aldatzen du. Jabeek komunitatearen onarpena beharko dute etxebizitza bat jarduera turistikorako bideratzeko, eta gutxienez, bizilagunen hiru bostenak eman beharko du baimena. Gainera, tokiko agintariei eskumenak transferitzen zaizkie, eta orduan, jarduera turistikoa etetea eskatu ahal izango dute, pisu turistikoek udal-lizentzia egokirik gabe jarduten duten kasuetan.
Okupazioaren auzian bezala, kontsumitzaileek eta finantza erakundeek negoziaketa prozedura bat abiatuko beharko dute abusuzko hipoteka-klausulen kasuetan, auzitegietan demanda bat aurkeztu aurretik.