Okupatutako blokean auzolana eginez ekin du Bizitza Da Handienak borroka bateratuaren astea

  • Sare sozialen bitartez iragarri zuena desestali du larunbatean Bizitza Da Handiena kanpainak: borroka anitz bat, boteredunek bulegoen itzalean hartzen dituzten aldebakarreko erabakiak argiztatu eta plazaren erdigunera ekarriko dituena. Ekimena hasi besterik ez da egin, eta astebete iraungo du.


2018ko maiatzaren 21an - 00:20
Bizitza Da Handienak prentsaurrekoa eman du larunbatean

Goizeko 10:30ean bildu dira Donostiako Bulebarrean. Intriga aurpegiak egon dira, begirada konplizeak, non-nola lo egin ez zekiten lotarako zakuak. Deialdi sorpresak arrakasta izan du: 200 pertsona inguru abiatu dira trikitixaren atzetik mozorrotuta.

Abisatu zuten lehenengo egunean pertsona asko agertzea "garrantzitsua" izango zela, lehenengo ekintza ez zela hala moduzkoa izango. Idiakez kalera iritsi da Bizitza Da Handiena martxa, eta bertako zortzi solairuko bloke bateko leihoetatik arrimatu dira buru batzuk jendetza agurtuz. Eraikina okupatu dute.

Batzuk barrura sartu dira, beste batzuk blokearen atean elkartu. Herri Boterea eta Poder Polupar dioten bi pankarta eskegi dituzte leihoetatik. Hedabideak ere hurbildu dira, eta prentsaurrekoa egin dute 12:30ean, okupazioaren eta Bizitza Da Handiena kanpainaren zioak agertzeko.

"Ezerezetik bezala, baina batez ere behetik gora, herritarrok sorpresa eman dugu: Maiatzaren 19tik 27ra handiena bizitza dela aldarrikatuko dugu kalean eta elkarrekin! Has dadila festa!", oihukatu dute. 63 herri mugimenduk eta sindikatuk babestu dute kanpaina, denak bizitzaren alde, denak Donostiako egungo hiri-ereduari kontrapuntua erakusteko prest. Astebetez izango dira kaleak astintzen eta eraikina izango da beraien lotarako lekua eta elkargunea. “Eraikin publiko honetan sartu gara, urteak direlako hutsik dagoela hiri erdian, herritarren beharrak izugarriak direnean. Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak dira, publiko hitzak ongi dioenez. Horregatik ireki ditugu ateak eta gardentasun osoz diogu, astebeteko Bizitza Da Handiena kanpainak iraun bitartean egongo garela hemen”, azaldu dute.

Astean zehar egingo dituzten ekintzetan nola jardungo duten ere argi utzi nahi izan dute: “Ez dugu biolentziarik erabiliko, eta espero dugu boteretik ere ez erabiltzea. Lege eta politika injustuei aurre egiteko gure tresnak desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izango dira”.

Bizitza Da Handiena kanpaina abiatzeko arrazoirik ez zaiela falta nabarmendu dute, eta adibide gisa jarri dute asteazkenetik ostiralera Donostian egingo den Munduko Turismoaren goi-bilera. Hiriko turismoa jada “suntsitzailea” bada, agintariek Turismoaren Munduko Erakundeen batzarra Donostian egiteko “dirua xahutzea” herritarrez “trufatzea” dela diote: “Eskandalu bat da”.

Mikel Laboaren “Liluraren kontra” kantuarekin eman diote amaiera prentsaurrekoari, eta lanean hasi dira. Batzuk pankartak egiten, besteak blokeari hautsa kentzen, bazkaria prestatzen beste talde bat, dena auzolanean. Eraikinean argia eta ura jartzea lortu dute, eta elkarrekin bazkaldu dute denak.

Arratsaldean etxea txukuntzen jarraitu dute, bakoitzak nahi eta ahal zuen neurrian elkarri laguntzen. Kartelez eta pankartaz josi dute eraikinaren fatxada, eta publiko egin dute ondorengo egunetako behin-behineko egitaraua.

 

Arratsaldero 19:30ean asanblada irekiak deitu dituzte, eta larunbatean egin dute estreinakoz. Gipuzkoa Plazan jendetza bildu da eta asanbladaren arauak eta protokolo feminista irakurri ostean, ekimena zutik mantentzeko proposamenak jaso dira, lantaldetan banatuta. Zazpi sortu dira: sukalde lantaldea, aniztasuna bilatzeko lantaldea, azpiegiturarena, komunikazioarena, diru-zaintzarena, asanbladen kudeaketarena eta behin-behineko egitarauaz gain egingo diren ekintzak pentsatu dituen lantaldea. Bakoitzak bere proposamenak jaso eta denen artean eztabaidatu dituzte, horizontalki, borobilean eserita.

Idiakez kaleko blokera itzuli dira gero, afaldu, eta giro onean egin dute gaubela. Lehenengo eguna istilurik gabe igaro da, eta gauean Polizia agertuko balitz nola jokatu badaezpada eztabaidatu duten arren, ez dira agertu goizeko 10:00ak arte.

Identifikazio bat, baina lasaitasuna nagusi

Igandeko goizeko 9:30ak aldera agertu dira poliziak, gosaldu ostean, eta Bizitza Da Handienako kide bat identifikatu dute. Prozesu judiziala abiatuko dute beraz, baina legeen arabera, aste osoan ezin dute okupatutako blokea hustera sartu. Garaipentzat hartu dute Bizitza Da Handienako kideek.

Goizeko ekimenei hasiera eman zaie ondoren. 10:00etan Uliarako martxa egin da, Eguzkik antolatuta. 11:30ean Jaietan Jai plataformak deituta martxa bat egin dute Donostiatik, komertzio-eredu jasangarriago bat eskatuz eta igandean irekita dauden dendak salatu asmoz.

 

Azkenik, 12:30ean, Satorralaiak deituta agerraldia egin da Kontxan, metroaren pasantearen obrak salatzeko.

 

Indartsu hasi da Bizitza Da Handiena astea, eta datozen egunak ere ekintzez josi dituzte. Donostian bizipozez eta elkartasunez blai utzi nahi dute, eta herritarrei dei egin diete Idiakez kaleko blokera agertzeko eta ekintzetan eta arratsaldero 19:30ean egingo diren asanbladetan parte hartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizitza Da Handiena
2019-09-27 | Topatu.eus
Hainbat identifikatu egon dira Donostian protesta sozialaren aldeko elkarretaratzean
Bizitza Da Handiena ekimenak elkarretaratzea deitu du gaurko Donostiako epaitegien aurrean. Maiatzan izandako borroka astearen harira kide batek zuen gaur epaiketa. Ertzaintza bertaratu egin da eta hainbat kide identifikatu ditu.

2019-05-21 | ARGIA
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu... [+]


2019-05-14 | ARGIA
Astebete atzeratu dute eraikin publikoa okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak eta 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuen astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta... [+]


Gazte bat epaituko dute Bizitza Da Handienak astebetez eraikin publiko batean eginiko okupazioagatik

Iazko maiatzean antolaturiko Borroka Sozialen Astean okupatu zuten eraikina, protesta gisa eta soilik zazpi egunetarako. Okupazioa ez dela delituaa eta "publikoa dena herritarrena dela" aldarrikatuz, Bizitza Da Handiena dinamika osatu zuten eragileek elkarretaratzea... [+]


Eguneraketa berriak daude