Oiolako urtegia saretik deskonektatzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Barakaldoko Udalari

  • Ingurumen Batzordeak onartutako legez besteko proposamenaren arabera, Eusko Legebiltzarrak zuhurtzia printzipioa aplikatzeko eta Oiolako urtegiko urik erabiltzen ez dela bermatzeko galdatuko dio Barakaldoko Udalari, kontsumorako egokia dela guztiz frogatu bitartean. Txosten teknikoek hala gomendatuz gero urtegi osoa garbitzeko ere eskatuko dute. 


2015eko otsailaren 20an - 13:38
Azken eguneraketa: 2015-02-23 09:00:27
Udazkenean, ur gutxiegi izateagatik itxi zuten Oiolako urtegia. Ur mailak bere onera egin duenean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak itxierari eusteari erabaki du, zuhurtziagatik.

EH Bilduk, PPk eta EAJk onartutako testuaren lehen puntuak dioenez, eta eztabaidan behin baino gehiagotan gogorarazi denez, Barakaldoko Udala da deskonexioa gauzatzeko eskumena duen erakunde bakarra.      

Izan ere, bertako osoko bilkurak hiru aldiz onartu ditu, alkatetza duen PSE-EE ez beste taldeen botoekin, deskonexio horren aldeko mozioak. Haatik, erabakia alkatearen dekretu baten bidez baino ezin da gauzatu. “Ez dakit zer arrazoi daukan Barakaldoko alkateak osoko bilkuraren erabakia ez betetzeko”, esan dio Joseba Zorrillak (EAJ) Natalia Rojori (PSE-EE).

PSE-EE izan da proposamenaren aurka agertu den bakarra. Natalia Rojo bozeramaileak bere alderdiaren aurkako erasotzat hartu du beste hirurek aurkeztutako testua, eta gezurretan aritzea eta elektoralismoz jokatzea leporatu die. Datu ofizial guztien arabera Oiolako ura segurua dela azpimarratu du.

“Analisiak egiten dira astero, eta emaitza da ura kontsumorako egokia dela. Oiolako urari EAEko gainerako urei baino bost aldiz gehiago exijitzen zaio”, esan du Rojok. Gainera, gogorarazi du urtegia oraintxe itxita dagoela eta beraz proposamenak ez daukala zentzurik, datozen hauteskundeetako emaitzak baldintzatu nahi izatetik harago.

Dani Maeztuk (EH Bildu) adierazi du Oiolako urak bete egiten duela uraren kalitateari buruzko gaurko legedia, baina legedi horren aurkako helegitea martxan dagoela Europar Batasuneko auzitegietan. Izan ere, Oiolako urtegian dagoen kutsatzailea, HCH (lindanoa), biometagarria da, alegia, behin gorputzean sartuta bertan finkatzen da. Legediak ezarritako datuek kontsumoa baimentzen dute, baina zuhurtzia printzipioak besterik dio”.

“Ez dago lindanorako balore segururik”, azpimarratu du Maeztuk, eta hauxe galdetu dio Natalia Rojori: “Araudia aldatu eta parametroak aldatuz gero, zer? Prest zaude arrisku hori zure gain hartzeko?”.

Indarrean dagoen legediaren arabera, uretan onar daitekeen gehienezko HCH kopurua litroko 40 nanogramokoa da; urteko batez bestekoak, berriz, ezin du izan 20 nanogramo baino handiagoa. Oiolan isurtzen den Angela errekastoan, iazko abenduan, 258 nanogramo atzeman ziren. Kontzentrazioa jaitsi egiten da urtegian, baita legearen barrukoa izateraino jaitsi ere, baina halere datuok kezkatzeko modukoak direla, eta seguru egon arte onena zuhurtziaz jokatzea dela adierazi dute proposamena babestu dute hiru alderdiek.

Momentuz, inguruko biztanleak ari dira zuhurtzia printzipioa beren kontura ezartzen, PPko Mª Carmen Lopez de Ocarizek esandakoari kasu egitera: “Aspaldi utzi zioten txorroteko ura kontsumitzeari, analisiek esaten dutena esaten dutela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oiolako urtegia
2017-09-27 | Unai Brea
Lindanoz kutsatutako guneen garbiketa ziurtatu dadila eskatu dute ekologistek Eusko Legebiltzarrean

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean izan dira, EH Bilduen eskariz, Espainiako Estatuan lindanoak eragindako kalteei buruzko txostena aurkezten. Europako Legebiltzarrean egindako azken bisitan talde politiko guztiek arazoari... [+]


2017-06-07 | Xalba Ramirez
Lindanoa, osasunerako eta ingurumenerako mehatxua hamarkadak igaro ostean ere

Lindanoak Espainiako Estatuan eragindako kutsadurari buruzko txostena argitaratu du Ekologistak Martxanek, Pozoitze iraunkor eta isil baten kronika izenburupean. Taldeko bozeramaile Javier Vázquez Velascok Barakaldon aurkeztu duen txostenean azken mendean fabrikatutako... [+]


2016-03-15 | Unai Brea
Europak Oiolako urtegiaren garbiketa finantzatuko luke, bertoko erakundeek proiektu bat aurkeztuz gero

Europako Batzordeak finantzaketa lortuko luke Trapagareneko Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko, eskumena daukaten erakundeek behar bezalako proiektua aurkeztuz gero. Hala jakinarazi die Daniel Calleja Batzordeko Ingurumen zuzendariak Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren... [+]


2016-03-14 | ARGIA
10. Ekozinemaldia dator, energi trantsizioa ardatz

Ekozinemaldiak hamargarren edizioa du 2016an. Ekologia sozialari buruzko dokumentalak eta film luze eta laburrak eskaintzen ditu Ekologistak Martxanek antolatutako ekimenak; aurten energi eredua, klima aldaketa eta energi trantsizioa izango ditu ardatz nagusi.


2016-03-14 | Unai Brea
Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko eskatuko dute Europako Legebiltzarrean

Joan den azaroan Marina Albiol (Izquierda Unida) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentarioen bisita jaso eta gero, Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako zenbait kide Europako Parlamentuan izango dira martxoaren 14 eta 15ean, bertako Eskaera Batzordean... [+]


Eguneraketa berriak daude