Frantziak ordezkari berria du Ipar Euskal Herrian. Catherine Seguinek (1970, Paris) astelehenean hartu du Baionako suprefet kargua, “aurrekoen segida” izateko. Berria-k jaso ditu Seguinek esandakoak.
Hautetsi, polizia eta militarrez inguratuta onartu du kargua, martxa militarrak, agurrak eta lore eskaintzak tartekatu dituzten zeremonian. Frédérique Espagnac senataria, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorea, Jean René Etxegarai Baionako auzapeza eta Jean Lassalle diputatua bertaratu dira ekitaldira.
Lurraldea ezagutzen ez duela aitortu duen arren, euskaraz, hirigune elkargoaz, ikastolez, aldarrikapen independentistez eta gisakoez hitz egiten ausartu da suprefet berria. Argi utzi du legeak betearaztea izango dela bere zeregina: “Estatuaren eta errepublikaren zerbitzura egotea da nire nahia”. Oinarrizko gaietan ez dela aldaketarik izango iragarri du.
Euskal Herriaz mintzatu da Seguin: “Euskal Herriak iradokitzen dit hizkuntza bat, kultura azkar bat eta zenbait borondate independentista”. Hirigune elkargoaz ere galdegin diote suprefet berriari, baina ez du gaiaren inguruko iritzirik eman. “Handiustekoa litzateke gaia ongi barneratu gabe mintzatzea, eta are handiusteagoa bozketak hasiak direnean iritzi bat ematea», azaldu du. Hala ere, onartu du denbora eman duela Patrick Dallennes suprefet ohiarekin gaiaz mintzatzen.
Ikastolei dagokienez ere lehengo lepotik burua
Ikastolez ere aritu da Seguin; orain arteko ildoa jarraituko duela iragarri du. Suprefet ohiak Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolekin izan dituen arazoez galdetu diotenean, Dallenesek ikastolen aurkako jarrera izan duenik ukatu du Seguinek: “Eraikuntza modalitate zehatz batzuen inguruan posizio jakin bat hartu du, baina hori bertze gauza bat da”.
Euskal gatazkari buruz gauza handirik esan nahi izan ez duen arren, egoeraren irakurketa labur bat eskaini du, “irakurri eta entzun” duenaren arabera. “Ikusten dut bake fase batean gaudela, baita eraikuntza fase batean ere”, azaldu du. “Lurralde erreformaren eztabaidak” prozesua indartu duela gaineratu du. ETAren desarmatzeaz, bestalde, ez du hitz egin nahi izan.