argia.eus
INPRIMATU
OihuK gaztetxea dagoen eraikina “usurpatzeagatik” hiru lagun auziperatu dituzte
  • Eraikinaren jabea den enpresarekin bitartekari lana egin duten bi lagun eta okupazio egunean OihuK gaztetxearen inguruan identifikatu zuten pertsona bat dira hiru akusatuak. Usurpazio delitua leporatzen diete. Bilboko Errekalde auzoan hutsik zegoen espazio baten okupazioaren eta bertako proiektu feministaren "kriminalizazioa" salatu dute hainbat herritarrek epaitegi atarian.

Uriola.eus @uriolaeus 2016ko ekainaren 16a

Zigor Epaitegian orain baino lehen bi aldiz deklaratzera deitu dituzte hiru lagunak, eta bitan "atzeratu" du auzia Errekaldeko eraikin okupatuaren jabe den enpresako abokatuak. Gaurko hirugarren auzibidearen aurrean baikor agertu dira OihuK gaztetxeko kideak, legeari dagokionez "zentzurik ez duelako". Izan ere, OihuK gaztetxeko asanblada eta eraikinaren jabe den enpresaren artean bitartekari lana egin duten bi lagun dira auziperatuak eta, eurekin batera, eraikina okupatu zenean OihuK gaztetxe inguruan identifikatu zuten beste lagun bat.

2015eko uztailaren 4an okupatu zuten Errekalde auzoan "emakume lesbiana, transexual eta feministen topagunea" sortzeko eraikina. "Eraikinak hutsik zeraman denbora asko. Gu eraikinari bizitza ematen ari gara proiektu feminista potente batekin", diote OihuKeko kideek. Hasieratik ahalegindu diren arren eraikineko jabeekin harremanetan jartzen ez dute lortu kontaktu zuzena izaterik. "Saiatu gara deitzen eta harremana izaten, baina enpresako idazkariekin baino ez dugu hitz egitea lortu", adierazi dutenez. 

Arazoak ere ia hasieratik izan dituzte OihuK gaztetxean. Hutsarazteko arriskuan izan dira hainbatetan. Hori dela eta, ia urtebetez jasan duten jazarpen eta kriminalizazio saiakera salatu dute: "Bilbo eta Euskal Herri mailan azkenaldian okupatutako espazio ia guztiak jazarpena jasaten ari dira; eta gu ere bai. Ekosistema guzti horretan okupak izategatik kriminalizazio handia jasatzen ari gara". 

Gaurko epaiketaren osteko ebazpenak kaleratze agindua eta isunak ekar ditzakeela badakite OihuK gaztetxean. Aukera horren aurrean erantzuteko prest agertu dira neskak. "Guk erresistentzia erakutsiko dugu". 

Lehen urteurrena uztailaren 3an

Uztailaren 4an beteko du lehen urteurrena gaztetxeak. Ospakizunak aurreko egunera, igandera, aurreratzea erabaki dute. Uztailaren 3an "jaia egingo dugu, Errekaldeko jaien barne", OihuK proiektuak erresistentzian aurrera egitea lortu duela ospatzeko. 

 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra