argia.eus
INPRIMATU
Oiartzungo bost atxilotuak karguekin aske
  • Guardia Zibilak asteartean Oiartzunen atzemandako bost lagunak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera eraman dituzte. Epaileak aske utzi ditu bostak, karguekin. Aritxulegi basoan landatutako zuhaitzen bitartez "terrorismoa goratzea" egotzi die Pablo Ruz epaileak.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 04a
Astearte arratsaldean herritarrek elkarretaratzea egin zuten atxilotuei eta inputatuei babesa emateko (Argazkia: Oarsoaldeko hitza).

15 egunero epaitegian sinatu beharko dute. Atxilotuek ukatu egin dituzte leporatzen zaizkien delituak.

Atxilotuez gain beste bost pertsona ere inputatuta daude Haritz deituriko operazioan.

Bost atxilotu, beste bost inputatu

Astearte goizaldera lau pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak: Xabier Iragorri (Oiartzungo alkate ohia), Joakin Izagirre, Ramon Gaztelumendi eta Erramun Sagarzazu, eta ilunabar aldera beste atxiloketa baten berri eman zuten: Itziar Iñarra. Bostak Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten, komunikatuta.

Horrez gain, beste sei herritarri ere eman zieten astearte arratsaldean Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera joateko zitazioa, eta horietatik bost dira kasuan inputatu dituztenak.

Espainiako Barne Ministerioak adierazi du gune publiko bat erabili dutela hildako etakideak omentzeko eta erakundearen jarduera "legitimatzeko". Bestalde, Guardia Zibilek Aritxulegi basoa eraitsi egin dute.

Arratsaldean manifestazioa

Manifestazioa egin zuten asteartean Oiartzunen atxilotuei eta inputatuei babesa helarazteko. Bertan izan zen herritar ugari, eta Udalak ere gaitzetsi egin du operazioa.