Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Errenteriako bost gazteren kontra Auzitegi Nazionalak ezarritako epaia eta kartzelan sartuko dituzte sei urte eta sei urte eta erdiko zigorra betetzeko. Beste gazte bat absolbitu egin du epaimahaiak.
Aitor Alberdi, Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio, Aitor Franco eta Arkaitz Antza espetxeratzeko agindurik ez du eman oraindik epaileak, baina edozein unetan gerta liteke. Segiko “kide aktibo” izatea leporatzen die Auzitegi Goreneko epaiak. Iosu Arruabarrena absolbitu egin du Segiko kide “ez-aktiboa” zela esanez. Epaiak aditzera ematen du Segiko kide izatea soilik ez dela delitu.
2008ko apirilean agindu zuen Fernando Grande Marlaska epaileak Oarsoaldeko 22 lagunen kontrako polizia operazioa. Horietako askok tratu txarrak eta jazarpen sexualak jasan zituztela salatu zuten, Espainiako poliziaren eskuetan inkomunikatuak zeuden bitartean. Auzitegi Nazionalak 17 gazte auzipetu zituen azkenean eta 2011ko uztailean epaitu zituen: hamaikari absoluzioa eta seiri kartzela zigorra. Oarsoaldean ere Gazte1+ez taldeak honako bideoa sareratu zuen epaia jakin ostean:
Eleak mugimenduak azaldu du 2012 hasieran Auzitegi Nazionaleko epaia eman zuenetik Errenteriako sei gazteak eta beren senideak “ezinegon hutsean” bizi izan direla. Igandean manifestazioa egingo dute Errenterian 12:30etan gazte horien egoera salatzeko.