argia.eus
INPRIMATU
Ogasun propioa sortzeko lehen pausoak Katalunian
  • Kataluniako Generalitateak dekretua onartu zuen atzo Ekonomia saila birmoldatzeko. Sailaren barruan Ogasun Idazkaritza sortu du, Kataluniako Zerga Agentzia garatzeko helburuz. Francesc Homs sailburuaren esanetan, lanean ari dira 2014 urterako “dena prest” izateko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko urtarrilaren 09a
Kataluniako Zerga Agentzia garatuz lortu nahi du Generalitat-ak bere Ogasuna izatea

Kataluniako Zerga Agentzia, zergen kudeaketa, likidazioa, inspekzioa  eta bilketa egingo lukeen organo gisa hartu du Generalitateak, eta urrats bat litzateke Kataluniak bere Ogasuna izateko. Dena den, Homsek azaldu du oraingoz ez direla tresna berriak sortu, “orain arte zeudenak birbideratu baizik”.

Homs zuhur azaldu da Ogasun propioa izateko data ipintzeko orduan. “Gisa honetako operazioak malgutasunez hartu behar dira egutegian”, esan du sailburuak, eta gaineratu du Kataluniako zergen kontrol osoa ahalbidetuko lukeen lege esparruaz lagunduta jarri beharko litzatekeela martxan egitura osoa.

Ez dute nahi zergadunak zalantzak izaterik, Estatuari edo Generaliteatari ordaindu behar ote dion: “Herritarrek, legeak esaten dituen zergak ordaindu behar dituzte, eta gauzak bideratu behar ditugu Generalitatari ordaindu diezaioten”.